Denetariko osagaiekin, denetariko gustuentzat
Barikua [irailak 29] eta domeka [urriak 1] artean, San Migel jaiak ospatuko dituzte Mendatan, Ereñon, Busturiko Altamira auzoan eta Bermeoko San Migel auzoan, hainbat jardueradun egitarauz osaturik.
Udak eman ditu eman beharrekoak, baina jaiak nahiz ospakizun giroak ez dute etenik Busturialdean. Udazkenaren lehendabiziko egunek badute esanahi berezirik eskualdeko zenbait udalerritan: Ereñon, Mendatan, Bermeoko San Migel auzoan eta Busturiko Altamira auzoan San Migel jaiak ospatzen dituzte. Lehenengo bietan, gainera, herriko jai nagusiak dira sanmigelak. Aurten ere, herritar guztien gustuetara egokitu dituzte ospakizun egitarauak; besteren artean, gastronomia edota karta joko lehiaketak, zuzeneko musika, kalejirak edota mozorro desfilea nabarmenduko dira.
San Migel eguna bihar [irailak 29] izan arren, mendatarrek etzi ere hainbat eta hainbat ekimen edukiko dituzte; horietako esanguratsuena, urtero legez, photocall-a eta Elexaldetik Mendaturiraino egingo duten mozorro desfilea izango da. Iazko gaia 80ko hamarkada izan baldin bazen, aurtengoa zirkua izango da. Herritarrak, beraz, gai horregaz zerikusia duten mozorroz jantziko dira. Mendaturira ailegatu orduko, gainera, anoa postua edukiko dute, indarrak hartzeko. Mozorrorik onenak, bestalde, saritu egingo dituzte, pilotalekuan egingo duten herri bazkariaren ondoren.
Gauean, ostera, Kuter eta Oxabi taldeek euren emanaldiekin girotuko dute frontoi ingurua, eta bien bitartean su artifizialez jantziko dute zerua. Aurten, berritasun legez, Gernika-Lumotik Mendatara joan etorria egiteko autobus zerbitzua egongo da, euro biren truke. Hamabost urtetik gorakoei zuzenduta egongo da zerbitzu hori; 21:00etan ateerako dira Gernika-Lumoko autobus geltokitik, eta 04:00etan bueltatuko Mendatatik.
Bermeoko San Migel auzoan ere goi-goitik ospatuko dituzte sanmigelak. Hainbat tankeratako txapelketak egingo dituzte, besteak beste, mus jokoarena eta tortilena. Zapatuan [irailak 30], dezibelek hartuko dute auzoa: iluntzean, Gauerdi erromeriak herritarrak dantzan jarriko ditu; gauean, berriz, Kruddö talde bermeotarra igoko da oholtzara, Herbass eta Martaren DJ sesioa orduko.
Busturiko Altamirako oholtza hartuko dutenak, berriz, Lilibertsoko kideak izango dira; Enare Muniategi, Iker Uriarte, Beñat Bilbao eta Mikel Retolaza ariko dira bertsotan, eta Ander Galarza, aldiz, gai jartzaile lanetan. Horrez gain, zaldi probak, kantu poteoa eta Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizuna ere edukiko dituzte jaietan.
Mendira eta mahaira begira. Ereñon, makailaua nahiz pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Horrez gain, azken urteotako ohiturari jarraituz, Atxur-Urkulie eta Ugaziyo txapelketak ere egingo dituzte, baita herri bazkaria ere. Domekan, jandakoa eta edandakoa jaisteko, mendira joko dute herritarrek; izan ere, Ereñozarrera 38. Igoera egingo dute. Bertan egongo dira eskualdeko korrikalaririk trebeenak, eta kirolaz zein naturaz gozatu gura dutenak ere bai. Proba hori, gainera, igoera herrikoien ligarako puntuagarria izango da.