Izaro Sub klubekoek brontzezko domina irabazi dute Espainiako selekzioen arteko txapelketan
Asteburuan Cadizeko Rota udalerrian (Andaluzia) lehiatu dute selekzioen arteko Espainiako Urpeko Arrantza Txapelketa, eta Euskal selekzioaren ordezkari izan diren Lander Aurrekoetxea bermeotarra, Jon Kepa Jauregi mendatarra eta Imanol Ilumbe durangarra Bermeoko Izaro Subeko kideak hirugarren sailkatu ziren.
Valentziako Juan Vicente Perez, Samuel Tomas Ramon eta Jesus Garcia geratu ziren txapeldun, 41.338 puntugaz, eta David Fernandez, Manuel Francisco Sanchez eta Javier Ibaena andaluziarrak txapeldunorde, 30.866 puntugaz. Euskal Federaziokoek, berriz, 19.134 puntu bildu zituzten.
Bidai luzeak eta aurreko egunetan egindako errekonozimendu-lanak “merezi izan” dutela adierazi dute euskal federazioaren ordezkariek. “Proba gogorra” izan zen, “korronte asko eta ura zikin eta arrain gutxigaz” topatu zuten, baina “pieza dezente harrapatu” zituzten. Hala, “urrearen zapoteko brontzeagaz” bueltatu dira.
Izaro Sub klubaren babesa eta laguntza eskertu dute. “Bera barik ezin izango ginateke joan, gastu asko dira-eta”.
Aurrekoetxeak azaldu duenez, parte-hartzaile “gazteenetarikoak” izan dira, eta lortutakoagaz oso pozik daude: “Ingurua nahikoa zikina izaten da. Guadalquivir erreka, haize motaren arabera, guztiz zikintzen da, eta aste osoan ure oso zikin egon zen. Horregatik, arrantza egitea oso gaitza izan zen. Ur zikinetan arrantzatzera apur bat ohituta gaude, eta txapelketa egunean gauzak ondo atera zitzaizkigun. 11 arrain hartu genituen, eta horietatik bederatzi izan ziren puntuagarriak; izan ere, txapelketa honetan piezak balio izateko gutxienez, 750 gramo eduki behar ditu. Horregatik, arrain gutxi atera ziren, eta ez hain handiak, 750 gramo eta kilo bat inguru artekoak izan ziren. Normalean, txapelketetan 500 gramo izaten da onartzeko gutxieneko pisua”.