Lointek Gernikak Ensinoren kontrako garaipenagaz hasi du liga, etxean
Lucas Fernandez entrenatzaileak esan bezala, talde-lanean oinarritutako garaipena izan da ligaren lehenengo jardunaldikoa. Itziar Ariztimuño kapitainak taldearen defentsa lana nabarmendu du.
Ondo hastea funtsezkoa izan ohi da, eta etxean ligari ekitean, garaipena lortzeak esangura are eta garrantzitsuagoa dauka. Denboraldiko aurkezpenean esan bezala, “lehen partidutik gerra ematea” dute helburu, eta lehenengo abisua jaurti dute. Lointek Gernika Bizkaiak 71 eta 57 irabazi zion Duran Maquinari Ensinori ligaren lehenengo jardunaldian, zapatuan [irailak 24].
Itziar Ariztimuño kapitainaren hitzetan, “gura zuten hasiera” izan da. Partidu “zaila” izango zela bazekiten, eta, horrela izan zen, “oso lehiatua“. Izan ere, “lehenengo partiduak halakoak” izan ohi dira, eta aurkariaren mailaz jakitun, ez zuten neurketa erraza aurreikusten. 40 minutuetan lehiakor agertzen den talde horietakoa da Lugokoa, aurkaria estu hartzen duena. ” Talde ona dauka, ondo lehiatzen diren jokalariak dauzka, kalitate handikoak, baina gure gogo eta defentsa lanagaz partidua aurrera atera ahal izan dugu; momentu oso onak izan dituzte, baina gure defentsari esker, partidua aurrera atera dugu”.
Talde lana azpimarratu du Lucas Fernandez entrenatzaileak. Azaldu du gorabeheraz betetako partidua espero zutela, eta lehenengo bi laurdenetan hutsegite asko egin zituztela. Batez ere erasoan Galiziako taldeari “min handiagoa egiteko behar besteko sendotasunik eta erregulartasunik” ez zuten eduki.
Flores, Buch, Bjorklund, Madera eta Da Silva jokalariekaz aurkeztu zen etxeko taldea, eta 6 metrotik jaurtiketa eginda, Bjorklundek estreinatu zuen markagailua. 7. minuturako tarte polita zabaldu zuen Lointekek (14-7), eta Bergerrek bere dotorezia erakutsiz debutatu zuen, 5 metrotik egindako jaurtiketagaz. Eraginkortasun nabarmenik barik, baina erritmoz, eta defentsa lanari esker, nagusi ziren etxekoak. Sei puntuko aldeagaz amaitu zuten lehenengo laurdena (18-12), eta, bigarrenean, talde galiziarra zonakako defentsan zentratu zen. Aldea murriztu zuen Ensinok; Tate eta Giomi erreferentziazko jokalari izanda, kontraerasoko jokaldiak eta trantsizioak ondo baliatu zituen.
Alde estuagaz heldu ziren atsedenaldira (31-28), eta, bueltan, puntu bakarrera murriztu zen aldea (31-30). Ensinokoak Ane Olaeta gernikarraren gidaritzapean (harrera beroa izan zuen etxean) aritu ziren. “Hirugarren laurdenera taldea ez zen ondo sartu, gerora erasokorrago izatea lortu genuen”, adierazi du Fernandezek. Hain zuzen ere, defentsan zein erasoan egindako talde-lanari esker, markagailuan aldea handitzea lortu zuten, eta hamalau puntuko aldeagaz (54-42) sartu ziren azken laurdenean. Aurkarien ahalegina etengabekoa izan bazen ere, etxekoen defentsa sendoa giltzarria izan zen lehenengo jardunaldiko garaipenenerako.
Talde-lana oinarri izanda, taldea “gura duen bidean” doala azpimarratu du Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak, eta erasoan zein defentsan sendotasun gehiago lortzeko helburua daukatela. Zapatuan etxeko jokalari guztiek lortu zituzten puntuak, eta denen ekarpenak izatearen garrantzia azpimarratu du Ariztimuñok. “Puntuez harago, uste dut bakoitzak bere onena emanez egiten duela ekarpena. Hori da talde-lana. Denboraldi-aurrean ez gara jokalari denok egon, eta, agian, hori igartzen da”. Izan ere, lehia hasi besterik ez da egin, eta bide luzea dute aurretik, pausoz pauso, egunez egun elkar ondo ulertzeko lan egin beharko dute. Orain, astebeteko geldialdia daukate ligan, eta, Ariztimuñok esan modura, denbora-tarte hori ondo entrenatzen segitzeko, eta elkar ulertzeko lanketa hori egiteko “ondo etorriko” zaie, baita bigarren jardunaldira “indartsuago” bueltatzeko ere.