400 pertsona inguru batu ditu 'Urdaibai Gurie' ekimenak
Antolatzaileak "pozik" agertu dira, eta balorazio positiboa egin dute.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eta UNESCO Etxeak bultzatzen duten Biosfera Naiz mugimenduaren baitan antolatzen duten egitasmoa da Urdaibai Gurie. Iaz egin zuten lehenengoz, eta, atzo, Busturiko Ekoetxea Urdaibain izan zituzten askotarako jarduerak. Eguraldia lagun, 400 pertsona inguru hurbildu ziren Ekoetxeara Urdaibai Gurie egitasmoaz disfrutatzera. Uste zutena baino jende gehiago bertaratu zela azaldu dute, hortaz, “oso pozik” daude helburuak “bete” dituztelako.
Giro “polita” egon zela diote, familia giroa nabarmendu zela gaineratuta. Ekitaldirik jendetsuena Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolak eskaini zuen zirku tailerra izan zen: “Hamahiru familiak parte hartu zuten, eta familia bakoitzeko laupabost kide ziren”.
Bero handia egin zuen, baina karpa handi bat jarrita zeukaten ingurumen zentroaren kanpoaldean. Hala, hitzaldiak, tailerrak eta gainontzeko jarduerak karparen babesean egin ahal izan zituzten; “oso harrera ona eduki zuten jarduera guztiek”.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esentzia islatzen duen graffiti bat ere sortu zuen KZN tokiko artistak, eta familia argazkia atera zuten jarduera guztietako arduradunekin. Horrez gain, azoka ere egon zen, hamalau posturekin, eta azokak ere “harrera ona” izan zuela aipatu dute.
Aurten, berritasun modura, bizikleta elektrikoak eroan dituzte Ekoetxeara, eta horiekin ibilbideak egiteko aukera eduki zuten bertaratutakoek; “parte hartzea handia izan zen”.
Uste dute, Urdaibai Gurie egitasmoa antolatzen jarraituko dutela, hala eta guztiz ere, asteon batuko dira egitasmoa antolatzen laguntzen duten guztiek balorazio sakonagoa egiteko.