Jaia eta aldarrikapena uztartu dituzte Guggenheim Urdaibairen aurkako ekojaian
Herritar ugari bildu ditu Guggenheim Urdaibairen kontrako ekojaiak, Akordan. Mendi martxak egin ostean, plazan elkartu dira, zuzeneko musikaz, jai giroaz, mitinaz eta bertso saioaz gozatzeko.
Ibarrangeluko Akorda auzoak Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren aurkako ekojaia hartu du gaur [irailak 23]. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, udalaren eta bestelako eragileekin batera, antolatutako egitasmoa izan da, eta hainbat herritar elkartu ditut; horietako batzuk ibarrangelutarrak edota eskualdekoak izan dira, eta beste hainbeste, ostera, urrunagotik bertaratutakoak.
Mendi martxekin ipini dute abian egitaraua. Aipatutako proiektuaren kontra herritarrak biltzea, elkarren arteko komunikazioa hauspotzea eta Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaren kontra antolatzera eduki dute jomuga eguneko ekimen guztiek. Bertaratutakoek 4 eta 7 kilometroko ibilbideak egin dituzte inguruko mendi zein basoetan barrena, eta Akordako plazan amaitu dituzte bi martxak. Jarraian, gainontzeko jarduerei ekin diete. Leire Saitua herritarra izan da, lehenik eta behin, eguerdiari bere ahotsagaz nahiz gitarragaz doinua ipintzeko ardura eduki duena. Ondoren, Guggenheim Urdaibai Ez plataformako lantaldean dagoen Eider Gotxik hartu du hitza.
Gotxik, bere agerraldian, “borroka luzea” izango dela aurreikusi du: “Borroka ez da laburra edota erraza izango, eta inor ez da lanerako sobera egongo”. Era berean, zenbait komunikabidek proiektuaren irudia “zuritu egiten dutela” argitu du: “Eskualdea ekonomikoki lur jota dagoela barreiatu dute lau haizetara, baina guk hori aurrez aurre ikusten dugu; eta hori ikusten dugun legez, argi dugu eskualdearen etorkizuna ezin dela turismoarekiko menpekotasunean zuztartu”. Horren ordez, proiektu sozioekonomiko “serioagoa” sortu beharra plazaratu du Gotxik.
Eider Gotxi: “Guggenheim Fundazioa ez da Busturialdea, entitate pribatu bat da: poltsiko horiek ez dira geureak
“Denok gara beharrezkoak”. Proiektua Aldundiaren “burugogorkeria hutsa” dela azaldu du: “Bilboko zein Gasteizko bulegoetatik esan digute eskualdean 150 milioi euro inbertituko dituztela eskualdean, baina aitortu ez digutena da inbertsioa ez dutela zuzenean eskualdean bertan egingo; Guggenheim Fundazioari egingo diote, eta fundazio hori ez da Busturialdea, entitate pribatu bat da. Bestela esanda: poltsiko horiek ez dira geureak. Hori gertatuko balitz, gure komertzio guztia museoaren menpe egongo litzateke, eta hori da justuki gura ez duguna. Borroka horretan, denok gara beharrezkoak. Ekintza gehiago ere egingo ditugu, eta guztion lana beharko dugu”.
Plataformak, herri mugimendutik jaiotakoa izanda ere, alde legala edota judiziala “martxan” daukala azaldu du hizlariak eta, alderdi horrek beregain dituen kostuei aurre egin ahal izateko, “guztien inplikazioa” beharrezkotzat jo du. Hain zuzen ere, egunean (txosnan, plataformaren stand-ean…) jasotako dirua guztia gastuotara bideratuta egongo da. Bestalde, urri amaieran manifestazio bat egingo dutela aurreratu du Gotxik.
Janire Arrizabalaga Munduate eta Koldo Muñiz Aldamizetxebarria bertsolariek saio aparta egin dute, denetariko gaiak landuz
Hitzaldiaren ostean, Janire Arrizabalaga Munduate gernika-lumotarra eta Koldo Muñiz Aldamizetxebarria ibarrangelutarra igo dira agertokira. Bertaratu direnen barreak eragin dituzte Lilibertsoko kide bien bertsoek. Denetariko gaiak taularatu dituzte: Urdaibaiko Guggenheim museoa, goizeko mendi martxak, txosna inguruko giroa… Azkenik, Peio Sin Mas artista durangarrak zuzeneko musikaz girotu du plaza, bere bertso rap saioagaz.