Iker Portugues: "Udan traineruan aritu ahal izateko, postu hori neguan irabazi behar da"
‘Bou Bizkaia’-ko ardatzetako bat izatera iritsi da Iker Portugues bermeotarra: Eusko Label Ligako estropada denak, Euskadiko Txapelketa eta Kontxa lehiatu eta irabazi ditu, besteren artean.
Eusko Label Liga, Kontxa, Euskadiko Txapelketa eta beste hainbat garaipen, denak denboraldi berean. Emaitza aldetik, arraun urteari askoz gehiago eskatzerik ez dago.
Egia esan, ez: denboraldi borobila egin dugu. Edozein arraunlarirentzat ametsa da guk aurten lortu duguna lortzea. Esango nuke eskuratutako emaitzak neguan egindako lanaren ondorio direla. Izan ere, neguko jaitsiera estropadetan edota trainerilletan bide onetik gindoazela ikusi genuen eta, azkenean, dinamika onak fruitua eman du uda sasoiko proba garrantzitsuetan.
Gainera, irabaztea kontu bat da, eta egin duzuen legez egitea, ostera, beste bat: sailkapenean 204 puntu eta 11 garaipen.
Hori da. Neguaz geroztik, argi eta garbi geneukan borrokan ibiltzeko bezainbesteko maila genuela. Irabaztea, noski, beti oso gaitza da, baina traineru barruan maila handia zegoela agerikoa zen. Iazko lantaldea mantentzeak eta ardatz hori kalitatezko fitxaketekin uztartzea gakoetako bat izan dela esango nuke. Oro har, eskifaia oso boteretsua eratu dugu, seguru asko, Eusko Label Ligako sendoena eta lehiakorrena.
Gainera, aurten traineru barruko zeure egoera ere finkatu egin da, ezta?
Bai. Iaz asko egin nuen arraunean, baina hitzordu oso esanguratsuetan postua lehiatzen ibili behar izan nintzen, taldeak beste aukera batzuk ere baitzituen. Aurtengo denboraldian, orokorrean, nigaz kontatu dute estropadarik handienetarako eta datuak, hain zuzen ere, horren erakusle dira: ligako proba denetan traineru barruan egon naiz.
“Pozgarria izan da niretzat Kontxan, Bermeoko Banderan edota Euskadiko Txapelketan arraun egiteko aukera edukitzea”
Hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Ez horixe. Pozgarria izan da niretzat Kontxan, Bermeoko Banderan edota Euskadiko Txapelketan arraun egiteko aukera edukitzea. Eskarmentu aldetik, seguruago ikusi dut nire burua. Azken batean, kirol honek horixe eskatzen du: hitzordu garrantzitsuenetan lehiatzea, presio eta lehiakortasun hori zelakoa den jakiteko eta norbera horretara ahalik eta hoberen egokitzeko.
Dena dela, denboraldia ez da larrosa bidea izan, ezta?
Ez. Galiziako azken asteburuan oso txarto pasatu genuen. Oraindik ez dakigu zehazki zer gertatu zitzaigun, baina gure ohiko mailatik behera aritu ginen estropada osoan eta, beraz, emaitzagaz oso atsekabetuta amaitu genuen.
Eta unerik onena?
Hori erantzuteko zalantzak ditut. Batetik, Kontxa lehiatzea gailurra da edozein arraunlarirentzat. Amets bat egia bihurtzea da. Lehiatzeaz gain, irabaztea azaldu ezinezko zer edo zer da. Bestetik, etxeko estropada nabarmenduko nuke: Bermeoko Hiria Bandera. 2016an eskuratu genuen azkenengoz, eta urte hasieratik begiz jota eduki dugu. Denboraldi amaieran iritsi zitzaigun arren, sekulako esperientzia izan zen guztiontzat, eta bereziki bermeotarrontzat. Maila handian irabazi genuen, ia-ia erakustaldia emanez. Gainera, herritarrak jaietan zeuden eta, ondorioz, jendetza bertaratu zen estropada ikustera. Txalo eta irrintzi artean hartu gintuzten; izugarria izan zen.
“Portugaleten, estropada irabazteko asmoz uretaratu ginen, baina ohorezko txandan ibili ginenok ez genituen hain egoera onak eduki arraunerako”
Ligako garaipena ziurtatuta, Portugaleteko azken proban ez zenuten hain itxura lehiakorrik erakutsi. Presio falta, beharbada?
Ez, ez zen horregatik izan. Berez, estropada irabazteko asmoz uretaratu ginen, hau da, denboraldia garaipen bigaz borobiltzeko intentzioz. Ohorezko txandan aritu ginenok, baina, ez genituen hain egoera onak eduki arraunerako: haize ufadek gogor jotzen zuten, mareak behera egin zuen, Nerbioitik ur geza asko jaisten zen… ez ziren baldintzarik egokienak denbora lehiakor bat lortzeko. Edozelan ere, saiatu ginen mailari eusten. Zierbenak hasiera-hasieratik merezi izan zuen garaipena; guk baino hobeto egin zituzten gauzak. Estropada itsasadarrean barik itsaso irekian izango balitz, geure sasoi puntu onagaz, seguru nago emaitza hobea eskuratuko genukeela.
Fisikoki urrats bat aurrera eman al duzu?
Baliteke. Iaz oso indartsu igarri nuen neure burua, baina aurten, agian, are indartsuago. Sasoi fisiko onean amaitu dut denboraldia, ederto eutsi diot, eta horrek agerian uzten du atzean dagoen lan guztia. Udako denboraldiaren prestakuntza prozesua azaroan hasten da, bide luzea eta zaila da, eta guztiz derrigorrezkoa da fisikoki doituta egotea. Alde horretatik, hilabeteen nahiz lehiaketen joanari maila oso txukunean eutsi ahal izan diodala esan dezaket.
Ezustekorik hartu al duzue aukariei dagokienez?
Oro har, ez. Bagenekien Hondarribia goi mailan ariko zela, urtero legez; Donostiarra eta Zierbena ere zuzeneko areriotzat genituen, batez ere, azken horrek entrenatzailez aldatu baitu. Guztiak dira lehiakorrak, eta hori sobera frogatu dute. Apur bat gorago espero genuena Orio zen, baina lehen txandan arraun egiteak, ohorezko txandan barik, zailtasun itzelak ditu, eta aurten hori suertatu zaie.
“Iker Zabalak neguko lanari garrantzi handia ematen dio”
Zelakoa da Iker Zalaba herrikideagaz behar egitea?
Neguko lanari garrantzi handia ematen dio; denboraldirako oinarri tinko bat eraikitzea bilatzen du aldi horretan. Udan traineruan aritu ahal izateko, postu hori neguan irabazi behar da.
Eta, hurrengo urtean, zer?
Oraindik goiz da esateko. Dena dela, taldean gustura nago, eta esango nuke taldekoek ere bertan gura nautela. Oporraldiaren ostean ailegatuko da, edozelan ere, erabaki bat hartzeko unea.