Benetako istorioen bidaia
Komedistan izeneko herrialde batean zehar lau antzezlek egiten duten birari buruzko pasadizoak kontatzen dituen lana hartuko du bihar Lizeok: ‘Passport’.

Bidaiak etxetik hurrean edo urruti dauden herri, hiri edota auzokoak ezagutzeko aukera bikaina dira. Bestelako lurrak, kulturak, herritarrak edota lagunak ezagutzeko aukera paregabea. Bidaietan, baina, beti ez da dena ederra izaten, gertatzen dira ezustekoak. Hain zuzen ere, artista eta aktoreek euren ibilbide artistikoan egindako bidaietan izan dituzten bizipenetan sakontzen du bihar, Lizeo Antzokian ikusi ahalko den Passport antzezlanak; 19:00etan hasiko da ikuskizuna.
Yllana konpainiako antzezleak hara eta hona ibili dira hainbat urtetan, eta urte horietan guztietan pilatutako pasadizoak Passport ikuskizunean pilatu dituzte. “Yllana nazioartean bidaiatzen ibili da hainbat eta hainbat urtez, eta bidaia horietan guztietan anekdota dibertigarri ugari sortu zaizkigu, ikuskizun batean islatu nahi izan ditugunak”, azaldu du Susana Cortes antzezleak.
Dioenez, ikuskizun bat egiten ari diren bakoitzean, “gauza berriak” zelan egin pentsatzen aritzen dira, eta Passport horrela sortu zela aitortu du. “Benetako istorioak dira, benetako gertaeretan oinarrituta daudenak”.
Hala, Komedistan izeneko herrialde batean zehar lau antzezlek egiten duten birari buruzko istorioa da bihar ikusi ahalko dena, esketxetan banatuta dagoena, eta atzerrian lan egiteak dakarren esperientzia kontatzen dituena. “Passport barrea eragiteko mugak zeharkatzen dituzten artisten bizitzari omenaldia egiteko obra da”, adierazi du Cortesek.
Jatetxe batean hizkuntzagaz izan zuten arazo bati buruz, hondatutako hotel batean ostatu hartzearen gorabeherei buruz, edota funtzio baten aurretik eta ondoren suertatutakoei buruz ari dira antzezlanean, modu komikoan. “Oso erraza izan zen zein anekdota antzeztu behar genuen aukeratzea, batzuk sinestezinak direlako”.

Argazkia: Yllana.
“Marokon, adibidez, aduanan atxilotu gintuzten, terrorismoa leporatuta. Ikuskizun baterako jaurtigairik gabeko pistolak generamatzan, eta esan ziguten, horiek maneiatu daitezkeela, benetakoak bihurtzeko. Guk inbentario bat egin genuen, eraman behar genuenagaz, baina hori ez zitzaion poliziari heldu, eta bi egunez atxilotuta egon ginen Casablancan”, adierazi du aktoreak.
Familian gozatzekoa
Publiko guztientzako obra da Passport, familian gozatzekoa. Keinu bidezko umorea asko erabiltzen dute, eta ikusleekin hartu-emana bilatzen dute uneoro. “Publikoagaz beti aritzen gara. Ezinezkoa da haiek istorioan ez sartzea. Ahoa zabaltzen dutenean, erantzuteko zerbait esateko zain gaude, Yllanaren zigilua da hori”.
Normalean, keinuen bidez komunikatzea bilatzen dute, baina lan honetarako Gromelot izeneko alegiazko hizkuntza sortu dute. “Lan honegaz nazioartean arituko gara, eta esketxen arteko loturak egiteko beharrezkoa zitzaigun hitz egitea; ondorioz, alegiazko hizkuntza hori sortu dugu”, dio antzezleak.
Antzerki mota hori “dibertigarria” dela adierazi du: ”Ez da psikologikoa eta politikoki ere ez da zuzena. Oso erraz ikusten da, eta publikoak oso ondo hartzen du. Gazteentzat antzerkia egitea zaila da, eta gugaz ondo pasatzeko aukera daukate. Publiko gazteari zerbait arina eman behar zaio antzerkira hurbiltzen has daitezan”. Cortesek 20 urte daramatza Yllanan lanean, eta “oso ondo” pasatzen dutela dio; hala, ordu eta erdiz ondo pasatu gura duenari Lizeora joateko deia egin dio.