Muxika eta Gernika lotzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea eskatuko dute
Kotxerik Gabeko Eguna aitzaki hartuta, Urretxindorra herri eskolako Guraso Elkarteak Muxika eta Gernika-Lumo batzeko oinezkontzako eta bizikletentzako bidea eskatzeko aldarria kaleratuko du. Zapatuan, 10:30ean jarri dute batzeko ordua Kurtzeron.
Kurtzero eta Gernika-Lumo lotuko lituzkeen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea eskatuko dute muxikarrek zapatuan. Kotxerik Gabeko Eguna irailaren 22a dela aprobetxatuta antolatu du Urretxindorra herri eskolako Guraso Elkarteak bizikleta irteera; 10:30ean jarri dute batzeko hitzordua Kurtzeron.
Kotxerik Gabeko Egunaren harira, Kurtzerotik Elizalderainoko bidea egin ohi zuten lehen, baina tarte horretan bidegorria eginda dagoenez, Muxika eta Gernika-Lumo batuko dituen oinezkoentzako zein bizikletentzako bidea eskatu zuten iaz, eta eskaera horrekin jarraituko dute aurten: Kurtzerotik Araneko gasolindegirainoko bidea da aldarrikatuko dutena. Hala, bide tarte hori bizikletaz beteko dute zapatuan [irailak 23], Kurtzerotik Gernikarainoko eta alderantzizko joan-etorria eginez. Ostean, ginkana izango dute aukeran Urretxindorran.
Guraso elkartekoek uste dute Urdaibai batuko duen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea Muxikan hasi beharko litzatekeela; ondorioz, udalerriarekiko lotura hori Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektuetan kontutan hartzeko eskatuko dute. “Izatez, Urdaibaiko Bidegorrien Sarea Muxikatik ateratzen da, baina alde batera utzi gaituzte, eta hemen ez dugu mugimendurik ikusten. Bidegorria edo oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea Muxikaraino ailegatzea gustatuko litzaiguke, bai lasai paseatu ahal izateko, bai Gernika-Lumora segurtasunez joan ahal izateko”.
Izan ere, gaur gaurkoz, Astelarra, Zabale, San Roman, Elizalde eta Kurtzero lotzen ditu bidegorri batek, eta hori Gernika-Lumogaz lortzea da asmoa. Hala, Gernikarainoko bidea eginez gero, Muxikako bost auzo Gernika-Lumogaz batuko lirateke.
Bi udalerriak oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bategaz batzea “oso garrantzitsua” da guraso elkartekoentzat, izan ere, asko dira handik igarotzen diren kotxeak, eta “arrisku handiko bidea” da: “Bide hori oinez edo bizikletaz egin daiteke, baina arriskutsua da. Ez da hori egiteko bide egokia, kotxe asko igarotzen baitira handik”. Datuei erreparatuta, 14.000-15.000 kotxe igarotzen dira bide horretatik egunero. Hala, oinezkoentzako zein bizikletentzako bideagaz seguruago ibiliko liratekeela diote guraso elkartekoek: “Aukerak badaude. Bide berde edo gorri batekin ibilgailuen joan-etorri guztiak saihestuko genituzke, eta seguruago ibiliko ginateke”.