MusEkintzak 'Amar' ikuskizuna dakar Arrantzaleen Museora
Zapatuko ikuskizunera joan gura dutenek aldez aurretik erreserba egin beharko dute museora deituta.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdiaren hirugarren aldia zapatuan [irailak 23] hasiko da, eta Bermeon egingo du, Arrantzaleen Museoan, hain zuzen ere. Amar ikuskizuna eskainiko dute Alberto San Juan aktoreak eta Fernando Egozcue gitarra-jotzaileak eta konpositoreak, 18:00etan hasita.
San Juanek eta Egozcuek duela ia hamarkada bat batera egin zuten lanaren hautaketa bat da Amar ikuskizuna. “Bizipoza aldarrikatzen duten hitzak eta doinuak dira, eta, era berean, haren kontra ari diren indarrak salatzen dituzte, uztartuta. Bidaia heterodoxoa egiten dute, Lorca, Santa Teresa, Benedetti, Concha Piquer, Albert Pla, Machado eta Gloria Fuertesen eskutik, bere konposizio batzuk eta beste batzuenak gidari direla”, diote.
Gainera, MusEkintzako emanaldi guztietan modura, berariaz sortutako argiztapen apaingarria egongo da. “Argiztapena eta proiekzioak emanaldi bakoitzerako moldatuko dira, ikusleen gozamena sustatzeko eta sendotzeko”.
Ikuskizunera bertaratzeko aldez aurretik erreserba egin behar da 94-688 11 71 telefonora deituta.
Askotarikoak. MusEkintzaren hirugarren edizioan musika, olerkia, antzerkia, ilustrazioak eta zenbait dantza estilo landuko dira, besteak beste. Zapatuan Bermeon abiaraziko da jaialdia, eta, ondoren, Bizkaiko beste lau museo eta toki interesgarritan egingo ditu geldialdiak: Muñatones Gaztelua, Mariaren Bihotza plazako aztarnategia, Euskal Herria Museoa eta Arkeologi Museoa.