Lointek Gernika Bizkaia: aldaketak lantaldean, egonkortzea helburu
Lointek Gernika Bizkaiak aurtengo lantaldea aurkeztu du. Liga, EuroCup Women eta Erregina Kopa izango dituzte jomuga. Ligako lehen partidua zapatuan [irailak 23] jokatuko dute; EuroCupeko estreinakoa, ostera, urriaren 12an.
Probetarako sasoia amaitu da. Lehia ate joka dago. Lointek Gernika Bizkaia 2023/2024 denboraldiaren atarian dago. Gaur [irailak 21] media day egin dute taldearen egoitzan, Malosten, eta ate joka dagoen denboraldirako dituzten aurreikuspenak aditzera eman dituzte. 11 jokalariz osatuta egongo da aurtengo lantaldea, azken orduko aldaketa esanguratsu bategaz: Maya Dodsonek min hartu du, eta klubera iritsi berri den Crystal Bradfordek beteko du bere hutsunea, aldi baterako kontratuagaz. Hori ez ezik, taldearen gidaritzan egongo da bigarren berritasun nagusia: Lucas Fernandez izango da entrenatzailea, Anna Montañanaren testigua hartuz.
Taldearen aurkezpen agerraldian, Gernika KESBeko lehendakari Gerardo Candina denboraldi berriari ekiteko “motibazioz gainezka” agertu da; aurtengoa, Lointekek Emakumezkoen Endesa Ligan egingo duen hamargarren parte hartzea izango da, eta zazpigarrena EuroCup Womenen. Presindenteak “egonkortasunerako denboraldia” izango dela aurreratu du: “Ligan jadanik bagara norbait; talde erregularrenetako eta sendoenetako bat izatera iritsi gara, betiere geure umiltasunetik abiatuz. Aurten, geure irudia egonkortzea bilatuko dugu, eta ezarritako helburuak betetzea”. Jomuga horiek, hain zuzen ere, hiru alderditan banatu dituzte: batetik, ligan sailkapen duina lortzea; bestetik, EuroCup Womeneko fase erregularra gainditzea eta lehiaketa horretan ahalik eta urrunen ailegatzea; horiez gain, Erregina Koparako sailkatzea.
Gerardo Candina: “Taldeak aurredenboraldian erakutsitako jarreragaz asebeteta gaude, baina hobetzeko alderdi ugari daude oraindik”
Aurredenboraldian Frantzian nahiz Euskal Kopan lehiatu ostean, erakutsitako mailagaz eta jarreragaz “asebeteta” agertu da Candina, baina oraindik “hobetzeko alderdi ugari” daudela argitu du. Molde berean mintzatu da Fernandez ere. Ciudad Realgoak argi eta garbi utzi du aurtengo gidalerroak nagusiak zeintzuk izango diren: defentsa lerro zurruna eratzea eta erasoan bizitasunez jokatzea. Egitura aldetik, azken denboraldikoaren “pareko lantaldea” dutela azaldu du, eta berak “jokoa borobiltzeko ñabardurak” proposatuko dituela: “Partiduek plazaratzen dituzten denetariko joko egoeretara moldatzeko gaitasuna jorratu behar dugu; edozelan ere, horretarako talde egokia daukagulakoan nago, postu askotan maila handia erakuts dezaketen jokalariekin”.
Lucas Fernandez: “Lantaldeko kide guztien artean sortzen den giroa paregabea da, eta horrek eragin handia du egunerokotasuneko lanak motibazio maila handiagoagaz egiterakoan”
“Familia handi bat”. Bestalde, entrenatzaileak argitu du ligako batesbesteko maila “izugarri” handitu dela. Bai aurrekontu aldetik, bai egiturari dagokionez, geroz eta talde sendoagoak daude lehian. Horrek, jakina, murriztu egiten du hutsegiteetarako tartea eta txapelketako maila orokorra izugarri handiagotzen du”. Malosten “familia handi bat” topatu duela aitortu du Fernandezek: “Gernikara ekarri ezin izan dudan gauza bakarra neure familia da, baina hemen beste familia jendetsuago batek hartu nau; lantaldeko kide guztien artean sortzen den giroa paregabea da, eta horrek eragin handia du egunerokotasuneko lanak motibazio maila handiagoagaz egiterakoan”.
Itziar Ariztimuño: “Talde polita eratu dugu, eta, besteak beste, uste dut barneko jokoa izango dela gure indargunerik esanguratsuena”
Taldeko kapitainetako batek, Itziar Ariztimuñok, azadu du jokoaren estilo aldetik “pareko dinamikak” dituztela Fernandezek eta azken denboraldian entrenatzaie ibilitako Montañanak. Bere helburu pertsonalei buruz ere mintzatu da bilbotarra: “Udan egindako behar guztia ikusaraztea bilatuko dut eta, kapitainetako bat naizen aldetik, jokalari berriak taldean ondo barneratu daitezen saiatuko naiz. Oro har, talde polita eratu dugu aurten, eta, besteak beste, uste dut barneko jokoa izango dela gure indargunerik esanguratsuena”.
Roso Buch: “Talde orekatuagoa osatu dugu aurten, eta denboraldirako gurari bakarra dugu: lesioek bakea ematea”
Beste kapitainak, Roso Buch kataluniarrak, lantalde “orekatuagoa” osatu dutela azaldu du, eta denboraldirako gurari bakarra eskatu dio: “Lesioek bakea ematea”. Adierazi duenez, jokalariak osasuntsu eta euren mailan baldin badaude, “lehen partidutik gerra handia” emango dute. Hain zuzen, lehen hitzordua zapatuan [irailak 23] edukiko dute, 18:30ean, Malosten; Duran Maquinaria Ensino talde galiziarra edukiko dute aurrez aurre. Horren ostean, hamabost eguneko etenaldia edukiko dute, “lanerako” baliatuko dutena.
Marta Alberdi: “Iazko bizipenek hezi egin naute jokalari bezala; asko ikasi nuen, eta ikaspen horiek aurten bistaratzeko asmoa dut”
Lesioa ahaztuta. Aurtengo urtea gako izango da Marta Alberdi gernika-lumotarrarentzat. Azken denboraldian, min hartuta egon zen, eta azken zitetan jokatzera besterik ez zen iritsi. Minak ahaztuta eta sasoi puntu ederrean, iazkoari “buelta emateko prest” dago harrobiko jokalaria: “Iazko bizipenek hezi egin naute jokalari bezala; asko ikasi nuen, eta ikaspen horiek aurten bistaratzeko asmoa dut”. Lau urtez entrenatzaile laguntzaile modura ibilitako Fernandezek ondo ezagutzen ditu jokalariak, eta jokalariek bera. Horrenbestez, “ondo daki taldearen piezak zelan mugitu”. Alberdik urriaren 12an Ramat Hasharon taldearen kontra Tel Aviven jokatuko duten partiduaz pentsatzen duena ere azaldu du: “Urrun jokatu beharko dugu, bidaia gogor bat tarteko, baina edonork ez du Europan jokatzeko aukera eta, beraz, aprobetxatu egin beharko dugu”.