Badator Forutik Forura mendi martxa
Haitz Biribil mendira igoko dira domekan [irailak 24] mendizaleak. Ibilbide luzea eta laburra daude aukeran, eta egunean bertan ere izena eman ahalko da. Oraingoz, 121 lagunek eman dute izena.
Domekarako [irailak 24] antolatu dute Haitz Biribil elkarteko kideek XIII. Forutik Forura mendi martxa. Profil guztietara egokitutako bi ibilbide egongo dira aukeran: martxa laburra eta luzea. Luzea 21,5 kilometrokoa izango da eta laburra, 10 kilometrokoa. Biak toki berean hasiko dira, Haitz Biribil elkartearen aurrealdean, 08:30ean aterako dira martxa luzekoak eta 09:30ean laburrekoak.
Gaur gaurkoz, 121 lagunek eman dute izena mendi martxan. Antolatzaileek adierazi dutenez, “espero bezala” doa dena, “oso ondo”. Iaz 200 lagun inguruk parte hartu zuten, eta aurten ere beste horrenbeste espero dituzte.
Aurrez izena emateko epea astelehenean itxi zen, eta horiek euren tailako kamisetak jasoko dituzte. Hala ere, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina antolatzaileek horien kamiseten taila ezingo dute bermatu: “Domekan 60 lagun inguruk izena ematea espero dugu”.
Ibilbide laburra iaz bezala mantenduko duten arren, ibilbide luzea tarte berri batekin dator. Mendizaleak Haitz Biribil tontorrera igoko dira, iaz bezala, baina hortik, zuzenean Forura jaitsi beharrean, Muruetaraino joango dira, tontorrez tontor. Helmugara iristen direnean, jan-edana izango dute aukeran, eta horrez gain, anoa postuak ere egongo dira.