Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren askatasuna eskatuko dute barikuan, Gernika-Lumon
Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek espetxeratzeko agindua jaso zuten barikuan, eta, hori salatzeko mobilizazioa egingo dute, etzi, 20:00etan, Merkurion.
Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren sententzia berretsi zuen maiatzean, eta launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei. Hilaren 15ean, Ankerkeriari Stop plataformak jakinarazi zuen espetxeratzeko agindua jaso dutela bi gazteek. Agindua jasota, hamar eguneko epea dute borondatez espetxeratzeko; bestela, atxilotze agindua martxan jarriko du Espainiako Auzitegi Gorenak, maiatzean berretsitakoa betearazteko. Ernaik espetxeratze agindua gaitzesteko mobilizazioa deitu du barikurako, Gernika-Lumon; 20:00etan Merkurion jarri dute batzeko hitzordua, eta herritarrei bat egiteko eskatu diete.
Gogoratu dutenez, Auzitegi Nazionalak 2021ean ezarri zien zigorra, “armak eta munizioak gordetzea” leporatuta. “Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epailearen aginduz, armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea egotzita”, esan dute Ernaikoek. Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran aurkitutako lehergaien “arduradun” zirelakoan atxilotu zituzten, eta ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, epaiketaren zain.
2021eko urtarrilean egin zen epaiketa, eta Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko astasuna eskatu zuen bakoitzarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, gazteen aurkako frogak “lausoak” zirela, eta epaiketa “lekuz kanpo” zegoela esanda.
Bien kontra erabilitako frogen artean daude Ertzaintzak aurkitutako materialean zeuden hatz markak eta Zelaiaren etxean topatutako motxila baten edukiak. Ernaik gogoratu duenez, Ertzaintzak argudiatu zuen Zelaiaren motxilan bridak, eskularruak, sakelako telefonoak eta zinta amerikarra zeudenez, “kale borrokarako motxila bat” zela. Bertsio hori gezurtatu zuen akusatuak, “materiala Hatortxu Rock jaialdian txanda bat egiteko erabili zuela” esanda.
Barbadok, bere aldetik, epaiketan aitortu zuen ezker abertzaleko “militantea” dela, eta mugimenduak duen estrategiagaz “bat egiten” duela.
Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok, baina, gazteen aurka ebatzi zuen, “helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzeagatik”. Lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, baina defentsak eta fiskaltzak helegitea jarri zioten epai horri; horri erantzun zion Gorenak maiatzeko epaiagaz.