Erroxapek ateak ireki ditu oporraldiaren ostean
Ikasturte berrirako prestatutako ikastaroen berri eman dute. Izena eman behar da elkartearen egoitzan, arratsaldez.
Herriko jaiak eta oporraldia amaituta, martxan da berriro Erroxape Emakumeen Elkartea; atzo [irailak 18] zabaldu zituzten egoitzako ateak.
Ikasturte berrirako ikastaroen zerrenda ere prestatu dute, eta honakoak eskainiko dituzte: Ehoziriak, Korua, joskintza, bizkar eskola, gitarra eta ukelelea, eskulanak, patchwork, puntua eta yoga. Horiek guztiak urrian hasiko direla zehaztu dute, joskintza izan ezik, azaroan hasiko dela.
Elkarteko ordezkariek nabarmendu gura dute ikastaroak herritar guztiei zabalik daudela, eta, hortaz, bazkide ez direnek ere izena emateko aukera daukatela; “hori bai, bazkideentzako baino garestiagoa izango da”. Izena eman gura dutenek, Erroxaperen egoitzan egin dezakete, arratsaldez.
Sukaldaritza tailerra antolatzeko ahaleginetan ari direla azaldu dute, eta prest daukatenean emango dute horren berri. Horrez gain, lanean jarraitzen dute, eta proposamen berrietarako ateak zabalik dauzkatela diote.
Bestalde, aurreko ikasturtean hasitako filmen proiekzioekin, bidaiekin, bingo partidekin…jarraitzeko asmoa daukatela iragarri dute, “maiztasun handiagoagaz” antolatuta, gainera. Modu horretara, hilean behin, bariku batean bingoan jolasteko aukera edukiko dute, eta beste bariku batean film bat jarriko dute. Ikasturte berriko lehenengo irteera, berriz, urrirako prestatzen dabiltza, baina oraindik ez dute informazio gehiago zabaldu, laster zabalduko dutela gaineratuta.