Arrolapetarrak, Hiru Txikietan handi
Arrolape Mendi Klubeko Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarrak eta Unai Martin Delgado gernika-lumotarrak hirugarren eta laugarren amaitu dute, hurrenez hurren, Ermuko mendi maratoia.
Arrolapetarrek ez dute behera egin uda osteagaz. Iragan zapatuan [irailak 16] Hiru Txikiak mendi maratoia lehiatu zuten Ermuan, eta maila erakutsi: Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarrak hirugarren postua lortu zuen helmugan, eta gizonezkoen sailkapenean bigarrena izan zen, Victor Del Aguila Pellicer garaile kataluniarraren atzetik; Unai Martin Delgado gernika-lumotarra, ostera, laugarrena izan zen, eta gizonezkoen taulako hirugarrena. Bigarren postuan heomugarartu zen Oihana Kortazar Arantzeta, emakumezkoen sailkapeneko dominatzailea.
Maratoi gogorra eta gorabeheratsua izan zen Ermuakoa, 2.000 metro positiboko desnibelduna, baita lasterka egiteko egokia ere. Urko, Oiz eta Egoarbitza gailurrak izan ziren ibilbideko tokirik esanguratsuenak. Arrolapetarrek hasiera-hasieratik maila handia erakutsi zuten. Del Aguilak lehen txanpatik bere legea ezarri arren, uneoro podiumaren jokoan aritu ziren. Ibilbidearen bigarren zatian, baina, Kortazarrek koska bat igo zuen lasterketaren maila, eta bigarren posturaino jauzia eman zuen. Irabazleak 03.45.10eko denbora egin baldin bazuen, Kortazarrek 04.01.39koa egin zuen; Lejarzegik eta Martinek, hurrenez hurren, 04.03.31koa eta 04.07.46koa.
Mendatako mendi maratoian hirutan lehiatu ostean, Lejarzegirentzat “berritasun pila bat” eduki zituen lasterketak: “Etxetik kanpo lehiatutako lehendabiziko maratoia izanda, ez nekien zehazki zelan erantzun ahal izango nuen. Hasieratik ulertu nuen Del Aguilak beste erritmo bat zeramala eta, beraz, podiumean sartzea bilatu nuen. 30. kilometrotik aurrera, lastekreta aldapa gora ipini zitzaidan. Kortazarrek harrapatu ninduenerako, denak emanda nengoen, eta azken kilometroetan minutu biko aldea atera zidan; ikusgarria izan zen”.
Ekaitz Lejarzegi Urizar: “Hasieratik ulertu nuen Del Aguilak beste erritmo bat zeramala eta, beraz, podumean sartzea bilatu nuen
Martinek, bere aldetik, iazko marka hobetzeko asmoz ekin zion maratoiari. Esan eta egin: hemezortzi minutu kendu zizkion iazko erregistroari. Hasieratik “sentsazio oso onak” eduki zituen. Oizen gora, Lejarzegi taldekideak atzean utzi zuen, baina berak gauza berbera egin zuen Kortazarregaz. Oiztik Egoarbitzara artean, sokatira egon zen korrikalarien artean, eta azken igoeran argitu zen sailkapena: “Azken igoeran erritmoari eusten saiatu nintzen, baina nekea harrezkero oso agerikoa zen. Edozelan ere, Kortazarrek frogatu zuen puntu bat gorago zegoela, eta oso erraz aurreratu ninduen”.
Unai Martin Delgado: “Hiru Hnadiak lasterketa hamahiru ordutik beherako denboragaz amaitu gura dut”
Era berean, urriaren 13an egingo duen Hiru Handiak ultradistantziako probarako “entrenamendu txukuna” egin zuen gernika-lumotarrak: “Lanean segitzeko motibazio handia eman dit lasterketa horrek; podiuma zapaltzea beti da pozgarria. Hiru Handiak proban, zapatukoa errepikatzea oso gaitza izango da, baina, behintzat, jakin badakit fisikoki momentu ederrean ailegatuko naizela. Sentsazioak lagun ditut, gogotsu nago, eta hilabete hau, gehienbat, lasterketa horretako zatiak ikuskatzeko eta kalitatezko entrenamendu saioak egiteko baliatuko ditut. Hiru Handiak lasterketa hamahiru ordutik beherako denboragaz amaitu gura dut”.
Arrolape Mendi Klubak Skyrhune proba lehiatuko du zapatuan, Azkainen
Lapurdira begira. Atsedenerako tarte barik, Arrolape Mendi Klubeko partaideak Azkainen egongo dira datorren zapatuan [irailak 23]. Bertan, Skyrhune proba lehiatuko dute; 21 kilometro eta 1.700 metroko desnibel metatua edukiko dute, Lapurdiko mendietan zehar. Hainbat taldekidek parte hartuko dute, jomuga bakarragaz: ondo pasatzea eta taldea egitea. “Familian joango gara, egun eder bat pasatzeko asmoz; Frantziako maila handiko parte hartzaileak egongo dira eta, beraz, aurrean aritzea ez da erraza izango. Dena dela, onenak ematen eta gozatzen ahaleginduko gara”, argitu du Lejarzegik.