280 txirrindulari, jasangarritasunaren alde
Bermeotik eta Gernika-Lumotik abiatuta, Busturiko Ekoetxea Urdaibai izan zuten helmuga.
Tropelean, lehia asmorik barik eta jai giroan atera ziren domekan 280 txirrindulari Gernika-Lumo eta Bermeotik, Busturiko Ekoetxea Urdaibai zuten helmuga.
Pedalkadak iraunkortasunaren alde bizikleta txangoan parte hartu zuten ume, gazte zein helduek. Gernikatik atera ziren txirrindulariek 9 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta Bermeotik abiatutakoek, berriz, 7,5 kilometrokoa. Balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek, dena “primeran” joan zela nabarmenduz. Jarrita zeukaten helburua “bete” egin zuten. Helburua beteteko Basati Bike eta Bermeoko Ziklistek taldearen laguntza izan zuten Ekoetxeakoek, eta horien lana eskertu gura izan dute.
Domekan bertan, trebetasuna eta oreka lantzeko ibilbide bat jarri zuten ingurumen zentroaren kanpoaldean. Txangoa amaitzerakoan izan zenez, bete egin zen; “ume eta gazteak gustura ibili ziren”. Arratsaldean, berriz, oinarrizko mekanika ikasteko tailerrean 25 pertsona egon zirela esan dute.