2.700 euro lortu dituzte kirol egokitua bultzatzeko
Barbero Solidario elkartasun festak bizar eta ile mozketez gain, denetariko ekintzez bete zuen Gernika-Lumoko Industria kalea, domekan. Mozketetatik, zozketatik eta domekan kalean jarritako gunetik lortutako dirua Haszten elkarteari laguntzeko da.
Kirol egokitua eta inklusiboa bultzatzeko hirugarren Barbero Solidario elkartasun festak bizar eta ile mozketez gain, denetariko ekintzaz bete zuen Gernika-Lumoko Industria kalea, domekan. 24 bizargin eta ile-apaintzaile eta bi estetizista elkartu ziren, eta euren eskuez baliatuta, kirol egokitua bultzatzeko 2.700 euro lortu zituzten; iaz 2.000 euro izan ziren bildutakoak.
Sorkun ileapaindegiak, Mujeres Barberas elkarteak eta Haszten kirol elkarteak hirugarrenez antolatu dute dagoeneko egonkortu den festa, eta denentzako kirolaren alde egin dute, “aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziz”. Hala, mozketetatik, zozketatik eta domekan kalean jarritako Haszten elkartearen guneko salmentetatik lortutako dirua Haszten elkartearentzako izango da oso osorik.
2014an sortu zen taldea, aniztasun funtzionala duten Bizkaiko neska-mutilen kolektiboan kirol hastapena bultzatzeko, eta ordutik, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute, “kirolaren eta jarduera fisiko inklusibo eta egokituaren bidez”.
Helburu horrekin, goizetik hasi ziren lanean, eta lehenengo ordutik jendearen joan-etorria etengabea izan zen, ilarak osatu baitziren ilea edo bizarra mozteko; 300 pertsona baino gehiago igaro ziren Industria kaletik. Etenik barik aritu zirela lanean dio Sorkunde Ordorika antolatzaileak.
Gernikarrek erakutsitako elkartasuna “pozgarria” da, eta “hunkituta” agertu da Ordorika, kirol egokituari babesa eman diotelako. “Herritarrak laguntzeko prest agertu ziren, eta ilea edo bizarra moztu ez zutenek zozketan hartu zuten parte”, adieraz du. Haszten elkartekoak ere eskertuta daude.
Domekako jaia udalerriko zein inguruetako hainbat talderen laguntzaz bultzatu du Ordorikak, eta jasotako laguntza eskertu du. Bertan izan ziren Elai Alai dantza taldekoak, Gernika Crossfitekoak, TAE Gernikakoak zein Daibai skateboarding taldekoak. Musika, berriz, Batukada Danbayan taldeak eta Sutam taldeak jarri zuten.
Jaiak urtero “gero eta jende gehiago” erakartzen du, eta hori urtez urte antolatzen jarraitzeko ahalegina egingo dutela aitortu du Ordorikak: “Indarrak irauten duen bitartean, jaialdia antolatzen jarraituko dugu.