Adierazpen kulturalak zabaltzeko eta birsortzeko hitzorduak
Urrian hainbat eta hainbat herritako txoko eta kaleak kulturaz jantziko dituen Ondarearen Europako 23. Jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur. Busturialdean kulturaz gozatzeko hamaika aukera egongo dira.
Badatoz Ondarearen Europako 23. Jardunaldiak. Urrian ospatuko den kultur programazioa aurkeztu dute gaur, Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial lelopean. 257 ekitaldiren bitartez 152 kultur proposamen egongo dira aukeran: hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, ogibide tradizionalen erakustaldiak, bisita gidatuak, ibilbideak, antzezpenak, tailerrak, dastatzeak eta kontzertuak egongo dira, besteren artean.
Aurtengo edizioaren helburu nagusia da ohiturei, ahozko adierazpenei, usteei, jaiei, sukaldaritza arteei, errituei, ogibideei, artisautza teknikei, dantzei, musikariei eta jolasei buruzko kultur ondarearen balioa azpimarratzea, “lurraldearen nortasunaren parte direlako”. Horiek bizirik irauteko zaindu eta babestu egin behar dira, eta horren alde egiten du aurtengo edizioak.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak nabarmendu du jardunaldiek “aukera paregabea” eskeiniko dutela Bizkaiak duen ondare kulturaren parte diren adierazpen kulturalez gozatzeko, zabaltzeko eta birsortzeko: “Ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez material aberatsa nabarmentzeko eta zaintzeko”.
Arrizabalagak gaineratu du Bizkaiko jardunaldiak “Europa mailan erreferente” direla, “horien aniztasuna, ugaritasuna eta antolatzaileen inplikazioa programaren ezaugarrietako bat direlako”.
Ondare immateriala
Bizkaiko kultur ondarea “bizirik” mantentzeko helburuagaz, ondaren immateriala babesteko jardunaldiek bat egin dute Unescoren Legearen 20. urteurren ekitaldiekin. Legeak komunitateen nortasunerako ezinbestekoak diren ohituren, usteen, tekniken eta adierazpenen garrantzia aitortzen du, eta ohitura horiek birsortzen eta etorkiuneko belaunaldiei transmititzen jarraitzearen beharra azpimarratzen du.
Komunitatea ondare immateriala babesteko “ezinbesteko” zutabea dela diote, “ondarearen eramaileak eta sortzaileak baitira, eta ondarearen mantentzea sustatzen dute”. Komunitateak orainaldira eguneratzen dituela ohiturak gehitu dute, baita tradizioa etorkizuneko belaunaldiei transmititzen dietela ere: “Herrien esentzia eta nortasuna eratzen duen iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura ezartzen laguntzen du komunitateak”.
Hala, emakumeek ondare immaterialaren transmisioan duten garrantziaz jardungo dute hainbat jardunalditan; Ondarroan, esaterako, itsasoari lotutako ogibideak dituzten emakumeen bizitzari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte.
Bost eremu.
Ondarearen Europako Jardunaldietan, ondare immateriala osatzen duten bost eremuetako hainbat ekitaldi eskainiko dira: ahozko tradizioak eta adierazpenak, ikuskizunen arteak, gizarte erabilerak, erritualak eta jaiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta erabilerak, eta artisautza teknika tradizionalak.
“Ahozko tradizioak gure ondarearen ezinbesteko elementua dira, besteak beste euskara, euskalkiak, esaera zaharrak, ipuinak, abestiak eta asmakizunak”. Horregaz lotuta, ahozko literaturari dagokionez, hitzaldien eta kontzertuen bitartez kopla tradizionalak ezagutuko dituzte Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan: Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak Koplarik koplari ikuskizuna eskainiko dute. Lekeition, berriz, euskalkiak landuko dituzte, eta Bermeon, “betiko abestiak” izango dira protagonista.
Erritualez eta jai egunez beteta dago lurraldea, eta Busturian, “iraganeko eta egungo” umeen jolasak ezagutaraziko dituzte tailer praktiko batean, ikus-entzunezko proiekzio baten laguntzagaz.
Artisautza teknika tradizionaka ogibidearen arabera sailkatzen dira: ezagutza, teknika, materialak eta prozesuak. Bizkaian, nekazaritza eta arrantza “bizitzeko ezinbesteko modua” izan dira, eta landako eta itsasoko herritarren jarduerei buruzko hitzaldiak eta bisitak antolatuko dira aurtengo jardunaldietan. Besteak beste, Bermeotarrek atzoko eta gaur egungo arrantza alderatuko dituzte.
BUSTURIALDEKO EGUTEGIA:
BERMEO
- Urriak 8 (12:00). Bermioko erraldoiak ondarea eraikitzen erakusketa eta ikus-entzunezko baten proiekzioa, Arrantzaleen Museoan.
- Urriak 21 (11:30). Gure ondarea ezagutzen: arrantza atzo eta gaur hitzaldia, Arrantzaleen Museoan.
- Erreserbak: 94-688 11 71/arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus/www.ondareabizkaia.eus
BUSTURIA
- Urriak 20 (19:00). Aitita amamak olgetan ikus-entzunezkoa, Altamirako liburutegian.
- Urriak 22 (12:00-13:30). Aitita amamak olgetan tailerra Altamirako plaza
- Erreserbak: 94-687 00 63/www.ondareabizkaia.eus
GERNIKA-LUMO
- Urriak 5 eta 11 (12:30) gazteleraz. Gernikako hilerria: Gerra zibilaren lekuko ibilbide gidatua, Zallo hilerrian, Bakearen Museoaren eskutik.
- Urriak 10 (12:30) euskaraz. Gernikako hilerria: Gerra zibilaren lekuko ibilbide gidatua, Zallo hilerrian, Bakearen Museoaren eskutik.
- Erreserbak: 94-627 02 13 /museoa@gernika-lumo.net /www.ondareabizkaia.eus
- Urriak 6. Nola jantzi buruko zapia? tailerra, Euskal Herria Museoan.
- Urriak 21 (19:00). Koplariak koplari, hitzaldi musikatua, Agus Barandiaran eta Xabier Amurizares eskutik, Euskal Herria Museoan.
- Erreserbak: 94- 625 54 51 / euskalherriamuseoa@bizkaia.eus/www.ondareabizkaia.eus
KORTEZUBI
- Urriak 7 (12:00). Kondairazko paisaia ipuin kontaketa, Santimamiñeko informazio gunean.
- Urriak 29 (12:00). Urdaibaiko paisaiak haurrentzako tailerra, Santimamiñeko informazio gunean.
- Erreserbak: 94-465 16 57/santimamine@bizkaia.eus/www.ondareabizkaia.eus.
MUNDAKA
- Urriak 27 (18:00). Neoprenoa Mundakara heldu zenean atzera begirako topaketa eta surfaren hastapena, Juan Tribisarospe kultur etxean.
- Erreserbak: 94-617 72 01 eta 688 75 97 47 / turismo.mundaka@bizkaia.org /www.ondareabizkaia.eus