Etxekoen aurrean maisu agertuta, Eusko Label Liga Urdaibairentzat
Zapatuko [irailak 16] Bermeoko Hiria Bandera irabazita gailendu da Eusko Label Ligan Bermeo-Urdaibai; gaur [irailak 17], Portugaleteko azken jardunaldian altxatu dute ligako kopa, eta gauza berbera egingo dute Lameran, bermeotarrek 20:00etan egingo dieten harreran.
Bermeo-Urdaibaik modurik onenean borobildu du aurtengo estropada denboraldia: etxean, Bermeoko Hiria Banderan, garaipena lortuz eta, gainera, Eusko Label Ligako sailkapen orokorreko garaipena berretsiz. Zapatuan [irailak 16] 2016. urtetik eskuratzen ez zuen langa gainditu zuten Iker Zabalaren eta Gorka Aranberriren arraunlariek: etxeko ikusleen aurrean nagusitzea. Bou Bizkaia-k maisuki menperatu zituen aurkariak proba osoan zehar, eta Ama Guadalupekoa-ri azken bi luzeetan, eta liga poltsikoratzeko besteko aldea atera zion. Eusko Label Ligako play-offetako lehendabiziko jardunaldia ere lehiatu zuten zapatuan Bermeoko uretan; Santurtzi, San Pedro, Bueu eta Ares aritu ziren norgehiagoka hartan.
Urdaibaik bere boterea plazaratu orduko, lehen txandan, Getaria, Orio, Lekittarra eta Cabo zein baino zein gehiago aritu ziren. Mirotzek hasieratik aurrea hartu zuten, baina Getariak ez zuen merke saldu bere larrua; bai Cabo, bai Lekittarra, ostera, garaipenaren jokotik kanpo geratu ziren lehen arraunkadetatik. Hirugarren luzerako Oriok zortzi segundoko aldea urratua zuen; inor ez zen gai bere nagusitasunari aurpegia erakusteko. Horrenbestez, 19.44ko denboragaz gailendu ziren oriotarrak; Getariak 19.57koa lortu zuen; Cabok, 20.03koa; Lekittarrak, azkenik, 20.23koa.
19.31ko denboragaz eta hirugarren luze ikusgarria eginda lortu du Urdaibaik garaipena etxeko uretan
Ohorezko txandan, Donostiarra, Zierbena, Bermeo-Urdaibai eta Hondarribia izan ziren elkarren artean indarrak neurtu zituztenak, bandera zeinek lortuko. Bermeotarrek, Portugaleteko estropadari itxaron barik, liga etxean bertan ziurtatzeko jomuga zuten. Esan eta egin: Donostiarragaz batera iritsi ziren lehen ziabogara, Zierbena hiru segundotara eta Hondarribia zazpira zutela; beraz, liga matematikoki poltsikoratua zuten. Gainera, hirugarren luzetik aurrera, bermeotar traineruak nagusitasuna erakutsi zuen uretan; etxekoen aurrean, bakarkako lidergoan egin zuten arraun, eta garaipen distiratsua lortu. Urdaibaik 19.31ko denbora aparta lortu zuen, lanak Donostiarrak baino bost segundo gutxiagotan burutuz; Zierbena izan zen hirugarrena, 19.37koagaz; Hondarribia, aldiz, oso atzean aritu zen, eta 19.50ean gelditu zuen erlojua. Urdaibaikoek ez zuten topatu klubaren ibilbideko bederatzigarren liga garaipena dastatzeko modu hoberik.
Emakumezkoen parte hartzeari dagokionez, Hibaika Jamones Ancin taldeak sendoki irabazi zuen Euskotren Ligako play-offetako estreinako jardunaldia. Errenteriarrek 10.51ko denbora lortu zuten helmugan, eta mailari eusteko lehen urratsa eman. Estropada osoa oso parekatua izan zen, eta, hain zuzen ere, lehen luzean Hibaika eta Kaiku Nortegas parez pare iritsi diren ziabogara, eta Zumaia Salegi Jatetxea segundo bakarrera. Helmugaratzea ere zeharo berdindua izan zen, hiru traineruen arteko tartea hiru segundokoa izanda. Kaikuk Hibaika garaileak baino bi segundo behar izan zituen estropada osatzeko; Zumaiak, ostera, hiru segundo gehiago. Garaipenagaz,, Hibaikak 3 puntuak eskuratu zituen play-offetako lehen jardunaldian, Kaikuk bi, eta Zumaiak bakarra.
Caboko galiziarrek, lehen txandan, Portugaleten bandera lortzeko bezainbesteko denbora ona egin zuten
Zierbenaren aurrerapausoa. Liga patrikan eta etxeko lanak ondo eginda, lasaitasunez hartu du Bou Bizkaia-ko eskifaiak denboraldiko azken estropada. Mikel Azkarate arraunlari ondarrutarrak aditzera eman duenez, Kontxako garaipenaz geroztik “nekea eta higadura” sumatzen hasiak ziren Urdaibaikoak: “42. entrenamendu astea izan da azken hau; gorputza eta burua atseden eske daude dagoeneko”. Azken esfortzua egiten saiatu dira gaur [irailak 17] Portugaleteko uretan, dena dela. Hori bai, aurkariek eta, batez ere, Zierbenak ez diete inongo aukerarik laga. Zierbenakoek egundoko maila erakutsi dute, lehen txandakoek baino egoera gaitzagoetan. Hain zuzen, Cabok 19.51ko denbora txundigarria egin du lehen txandan, haize gutxiagogaz, marea altuagoaz eta Nerbioi ibaiadarrean ur geza gutxiagogaz.
Bandera irabazteko hautagaitza aurkeztu arren, ohorezko txandan koskatxo bat gorago azaldu dira Zierbena, Donostiarra, Urdaibai eta Hondarribia. Lehen luzean, poparean, Zierbenak aurrea hartu du; tarteka-marteka, tentsioa gailendu da, traineruak euren kaleetatik ateratzera iritsi baitira, ia 25 km/h-ko haizea dela eta. Zierbenakoek 04.20ko denbora ezarri dute lehenengo ziaboan, euren hautagaitza modu sendoan aurkeztuz. Bigarrenean eta hirugarrenean, are indartsuago azaldu dira: 09.34 eta 14.32. Garaipen eta denboraldi amaiera ederra lortu du Zierbenak, 19.22ko denboragaz, bere lantaldearen sakontasunak emaitzak eman ditzakeela eta, zortea lagun, onenen pare aritu daitezkeela frogatuz. Izan ere, bigarren amaitu dute liga, eta lau estropada irabazi dituzte, euren ibilbideko kopururik handiena, alegia.
Eguneko protagonista nagusia, baina, Urdaibai izan da. Nerbioiko ur nahasietan altxatu du Gorka Aranberrik 2023ko Eusko Label Ligako kopa. Bizkaitarrek 204 puntu eta 11 garaipen lortu dituzte. Iker Zabala entrenatzaileak, ospakizunen artean, Santurtzi eduki du ahotan. Bost urtez Sotera-ko gidaritzapean egon ondoren, klub horren maila jaitsierak “sentsazio gazi-gozoa” utzi diela adierazi du: “Herrian irabazi dugu liga, eta horrek pozez betetzen gaitu; edozelan ere, penatuta nago Santurtziko arraunlari eta zaletuengatik. Orain tokatzen da benetako soterazaleak nortzuk diren erakustea”. Urdaibaikoek Lameran jasoko dute gaur, 20:00etan, bermeotarren harrera, herriko jaien amaieran, gainera.
Iker Zabala: “Hala klubak, nola nik elkarregaz segitu gura dugu hurrengo denboraldian eta, horrez gain, aurtengo lantaldea ardatz hartu gura dut”
Zabalak, bestalde, klubean jarraitzeko borondatea eta lantalde berberagaz behar egitekoa azpimarratu ditu: “Orain hamabost eguneko oporraldia egingo dugu, baina, bueltatzerakoan, beharrari ekingo diogu berriro. Hala klubak, nola nik elkarregaz segitu gura dugu, eta, horrez gain, aurtengo taldea ardatz hartu gura dut. Arraunlari denekin berba egin dut honezkero, eta laster hasiko da hurrengo urterako lan prozesua”.
Hibaika, eraginkortasunez. Play-offetako lehian, Sanpedrotarrak eta Bueuk lortu dute hurrengo urtean goi mailan aritzeko txartela. Txanponaren ifrentzua ezagutu behar izan dute, ostera, duela urte bi Eusko Label Liga irabazitako Santurtzik eta Ares nahiz Lapurdik. Euskotren Ligako play-offetako bigarren jardunaldiari dagokionez, Hibaikak lortu du garaipena (10.45), Zumaiaren (10.49) eta Kaikuren (10.52) aurretik.