Gernika-Lumoko eta Halabjako udalek bat egin dute
Jose Mari Gorroñok Irakeko Kurdistango hiriko Azab T. Rahim hartu du udaletxean. Bilera hori, nazioarteko harremanak estutzeko, Gernika-Lumoko Udalak daukan politiken barruan ardaztuta dago.
Gernika-Lumoko alkateak, Jose Mari Gorroñok, Kurdistan Irakiarreko ordezkaritza hartu du gaur [irailak 15], 12:00etan, Gernika-Lumoko udaletxean. Ordezkaritzak Halabja hiriko alkatea, Azab T. Rahim, izan du buru. Hark Kurdistan irakiarreko egungo egoera eta testuingurua plazaratu dizkio Gorroñori, besteren artean.
Gernika-Lumok nazioartean dituen hartu-emanak kudeatzeko politikaren barruan kokatuta dago gaurko harrera, eta nazioarteko beste herrialde batzuekin harreman kulturalak nahiz diplomatikoak estutzea du jomuga. Hain zuzen ere, gaurko bileran alkate biek ala biek nabarmendu dute “oso garrantzitsua” dela bai bakea, bai egonkortasuna bermatuta egotea Irakeko Kurdistanen. Nazioarteko hartu-emanen egonkortze prozesuan jarraitzen du, horrenbestez, Gernika-Lumoko Udalak. Izan ere, joan den astean Jamaikako Justizia ministro Delroy Chuckegaz batzartu zen Gorroño.