Gautegiz Arteagan dantza bertikala ikasteko aukera egongo da
Dantza bertikalen ikastaroa eskainiko du kultur etxeak. Gainera, ekainean Nazioarteko Dantza Bertikalen Festibala egingo dute herrian.
Gautegiz Arteagako Udalak dantza bertikala ezagutarazteko eta diziplina artistiko horretan trebatzeko aukera plazaratuko du: Harrobi Dantza Bertikala konpainiak herritarrei zintzilik mugitzen ikasteko ikastaroa emango die. Udaletik azaldu dutenaren arabera, San Antolin jaietan eskaini zuten dantza bertikalen erakustaldiak “arrakasta eta harrera ona” eduki zituen, eta ikastaroa kultur etxeko jardueren artean txertatzeko ideia orduantxe ernaldu zen.
Gautegiz Arteagako alkate Patrik Saituak azaldu duenez, tokiko “ingurunea, natura eta paisaia baliabideak adierazpen artistikoa askatzeko baliabideak” izan daitezke: “Ikastaroa aukera oso berezia izango da arteagarrentzat; izan ere, dantza arte bizia da, eta sorkuntza, teknika nahiz espazio desberdinak biltzen ditu”. Ikastaroa herriko pilotalekuan egingo dute, urria eta maiatza bitartean. Astelehenetan elkartuko dira, 18:00etatik 20:00etara artean. 12 urtez gorako herritarrei zuzenduta egongo da, eta hamar laguneko taldea osatu ahalko da gehienez. Interesa dutenek informazio gehiago edukiko dute eskuragarri, bi bidetatik: batetik, info@dimegaz.eus edo 699188168 telefono zenbakira deituta.
Bertikale Festibala. 2024ko ekainaren 20tik 24ra, Gautegiz Arteagak Bertikale, Nazioarteko Dantza Bertikalen Festibala hartuko du. Jaialdi horren lehendabiziko ekitaldiaren leloa Andrabidetik mundura da, eta horren barruan dantza bertikalari lotutako eskaintza anitza izango da: formakuntzak, hitzaldiak, ikuskizunak, performance artistikoak, ikus-entzunezkoak, zuzeneko musika, eta abar.
Bertikale Festibalean izena emateko epea abenduaren 7a artekoa da
Festibaleko antolatzaileek adierazi dute dantza bertikalaren diziplina “lau haizetara” zabaldu nahi dutela. Hain zuzen ere, “harriz harri eta euskaraz, mundu osora iristeko zubia eraikitzea du helburu nazioarteko dantza bertikalaren lehenbiziko festibalak” nabarmendu dute. Jaialdian parte hartzeko epea abenduaren 7an amaituko dela argitu dute.