Foru museoek "harrera bikaina" izan dute udan
Euskal Herria Museoa izan da uztailean eta abuztuan bisitari gehien izan dituen museoa, Arkeologi Museoagaz batera. Museora egindako bisitek %17 egin dute gora, iazko datuekin alderatuta, eta gune interesgarrien artean, Santimamiñek %25eko igoera izan du udako bi hilabeteetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museo eta kulturguneek aurreikuspenak gainditu dituzte udan, eta 27.371 bisitari izan dituzte; guztira, %8 gehitu dute bisitarien kopurua. Museo, gune edo areto horien artean daude Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, eta Kortezubiko Omako Basoa eta Santimamiñe. Hain zuzen ere, Euskal Herria Museoa izan da uztailean eta abuztuan bisitari gehien izan dituen museoa, Arkeologi Museoagaz batera.
Euskal Herria Museoak %17 egin du gora iazko datuekin alderatuta, eta gune interesgarrien artean, Santimamiñek %25eko igoera izan du udako bi hilabeteetan.
Azpimarratzekoa da, baita ere, Omako Basoak izan duen bultzada: “Harrera bikaina izan du basoaren sorkuntza prozesurako bisita gidatuen programazioak, eta uztailean eta abuztuan 1.197 pertsona hurbildu dira bertara”. Bisita programa hori amaituta dago, eta une honetan basoa itxita dago, “udazkenean behin betiko zabaldu bitartean”.
Foru museoetara hurbildu diren bisitari gehienak Euskal Herrikoak izan dira, baina Espainiako hainbat hiritatik hurbildutako pertsonen ehunekoa ere “handia” dela diote. Halaber, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Asiatik, Afrikatik, Ozeaniatik, Ipar Amerikatik, Hego Amerikatik zein Erdialdeko Ameritatik betaratu dira bisitariak.
400 jarduera baino gehiago.
Aldundiko museo eta aretoek egitarau zabala jarri dute publikoaren eskura, 400 jarduera baino gehiago prestatu baitituzte udarako. Ikuskizunak, tailerrak, bisita gidatuak edota topaketak egin dituzte: “Eskaintza erakargarria, askotarikoa eta kalitatezkoa izan da, eta gero eta jende gehiagok aukeratu dute eskaintza hori”.
Zehaztu dutenez, “euren izaera bereziagatik” nabarmentzen dira jarduera asko, “Bizkaiko ondarea hurbiletik ezagutzeko aukera ematen dutelako, ia modu esklusiboan, talde txikiak osatuz”.
Programazioa, baina, ez da eten. Aurrera jarraitzen du. Arrantzaleen Museoak urte amaierara arte jarraituko du bere 75. urteurrena ospatzen, eta Euskal Herria Museoak gai bati buruzko erakusketa iraunkorreko bisitak esakiniko ditu, hala nola Euskal Kultura edo Emakumeen artean paseatzen.