Bisitari nagusiak landa ingurunera hurbiltzeko ideia lehiaketa martxan jarri dute
Lanbide Ekimenak Zentroak senior landaturismoari buruzko ekimen ekintzaileen lehengo lehiaketa antolatu du, Urdaibaira senior turismoa bultzatzeko helburua daukana. Urriaren 27ra arte parte hartu daiteke lehiaketan.
Busturialdeko landa ingurunera senior turismoa bideratzeko ekimen ekintzaileen lehen ideia lehiaketa abiatu du Lanbide Ekimenak Zentroak, Redel Rural Silver lankidetza ekimenaren baitan. Ekimen horren parte da Lanbide Ekimenak Zentroa, eta landa ingurunearen zahartzearen ondoriozko beharrei erantzutea du helburu, “Zilar Ekonomiak (55 urtetik gorakoak) enplegu, ekintzailetza, ongizate eta garapen jasangarriko iturri gisa eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz”. Hala, landa ingurunera turismo seniorra bideratzeko ideien lehiaketa abiatu dute, eta urriaren 27ra arte parte hartu ahal izango da bertan.
Ekimenaren helburua da landa ingurunera turismo seniorra bideratzeko erronkari irtenbide berritzaileak ematea, eta hori bultzatzen duten ekintzailetzako edo enpresa dibertsifikazioko proeiktu berriak bilatzea. Aldi berean, turismo eskariaren desestazionalizazioa sustatzea eta indartzea bilatu gura dute. “55 urtetik gorako kolektibo hori gero eta handiagoa da eta landa inguruneko inguruetan presentzia gero eta handiagoa dauka”, azaldu dute arduradunek. Ondorioz, turismo horretan eragin gura dutela diote.
Redel Rural Silver osatzen duten erakundeek uste dute Busturialdeko landa inguruneek eskaintzen dituzten aktiboak eta baliabideak aprobetxatzera bideratutako estrategiek eta nagusien kolektiboaren beharretara eta nahietara egokitutakoek “ondorio positibo garrantzitsuak” eragin ditzaketela eskualdean. “Ekonomia gehiago aktibatzen laguntzen dute, bisitariak erakartzeko gaitasuna sustatzen dute, eta, azken batean, herritarren eta lurraldearen ongizate orokorra hobetzen dute”, azaldu dute Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Udaleko zinegotziak.
Horrez gain, Joseba Irazabal Lanbide Ekimenak Garapen Agentziako ekintzailetzako eta enpresako teknikariak azpimarratu du ekimen honen helburu nagusia dela Busturialdean turismoa desestazionalizatzea. “Kolektibo honek, bizi duen momentuagatik, denbora gehiago dauka, eta, horri esker, sasoitik kanpo bidaiatzen dute eta turismo jarduera desestazionalizatzen dute. Hain zuzen ere, hori da proiektu honen beste ildo nagusietako bat”, ondorioztatu du.
Hala, lehiaketara aurkezten diren proiektuak senior segmentuari zuzendutakoak izan behar dira, hau da, 55 urtetik gorakoei zuzendutakoak, Busturialdeko landa ingurunera egokituta egon behar dute, eta turismoaren desestazionalizazioa bultzatu behar dute.
Lehiaketako bi faseak.
Redel Rusal Silver proiektua Toki Garapenerako Erakundeen Sarea osatzen duten lau lurraldetako bost erakunderen elkarlaneko ekimena da, eta elkarlanean garatuko dute. Hala, Tarragonako aldundiak, Sodeburrek (Burgoseko aldundiak), Lanbide Ekimenak Zentroak eta Medina del Campoko udalak bakoitzak bere lurraldean antolatuko dute lehiaketa, eta bi fasetan garatuko da.
Lehenengo fasean, lurralde bakoitzak lurralde bakoitzari buruz egindako bost proiektu hautatuko ditu gehienez, hurrengo fasera igaroko direnak, eta horiei laguntza emango diete, “euren proiektua borobiltzeko”. Bigarren fasean, berriz, lurralde arteko finala egingo dute: Tarragonan izango da finala, 2024ko udaberrian, eta aurkezten diren proiektu guztietatik onena aukeratuko dute.
Ideia irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta hiru bigarren sari emango dira, 1.000 eurokoak. Bigarren sari horiek irabazlea ez den lurralde bakoitzeko proiektu onenarentzat izango direla zehaztu dute antolatzaileek.
Pertsona fisiko zein erakunde juridikoek parte hartu dezakete lehiaketan, tipologia eta sektorea edozein izanda ere, eta nahi beste proiektu aurkezteko aukera izango dute. Lehiaketari buruzko informazio gehiago gura izanez gero, mezu bat bidali ahalko da redel@asociacionredel.com helbide elektronikora.
Rural Silver sareak gaur egungo turismo merkatuaren eta gorabidean dauden “joera eta aukeren” azterketa osatu du, senior turismoan sakonduz. Azterketa horretan ikus daitekeenez, seniorren turismo segmentu “oso garrantzitsua” da Bizkai, Araba eta Gipuzkoarentzat, “kuantitatiboki ez ezik, portaeragatik ere”.
Zehaztu dutenez, senior bisitarien %52,9k goi denboralditik kanpo bidaiatzen du, eta batez besteko egonaldia bost egunekoa da, gainontzeko bisitariena bizpahiru egunekoa denean. Bizkai, Araba eta Gipuzkoara hurbiltzen diren turista seniorren bataz besteko adina 63 urtekoa dela adierazten dute datuek.
Nabarmentzeko beste puntu bat kolektibo horrek duen erosteko “ahalmen handia” dela diote Lanbide Ekimenak Zentrokoek, izan ere, pertsona bakoitzeko 737,60 euroko gastua egiten dute bataz beste; aisialdiko turismoak, berriz, 603 euroko bataz besteko gastua eragiten du.
Turismo seniorrak gehien nabarmentzen dituen alderdiak gastronomia, nortasun kultural nabarmena, paisaia eta helmugaren dimentsioa dira, “denbora gutxian hainbat leku ezagutzeko aukera ematen diotenak”.
Ikerketak negozio aukera desberdinak hauteman ditu kolektibo horri erreparatuta, besteak beste slow bisita gidatuak, esperientzia enogastronomikoak eta wellness eskaintza osatzera bideratutakoak.