Ume eta gazteentzako antzerki tailerra antolatu du Euskara Sailak, lehenengoz
Helduentzako antzerki tailerra ere antolatu dute, baita ere Irakurleen Txokoa. Izena eman behar da.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra antolatu ditu, beste behin ere. Aurten, hala ere, berritasun bat eskainiko dute, izan ere, 12 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteei zuzendutako antzerki tailerra ere antolatu dute.
“Tailerra ume eta gazteek euren garapen pertsonala askatasunean jorratzeko espazio bat aurkitzeko lekua izatea gura da; ume eta gazteei espazioak eskaini gura zaizkie herri mailan adierazpena lantzeko, elkar ezagutzeko eta sozializatzeko”, adierazi dute udaletik. Helburua da gazteak antzerkiaren mundura hurbiltzea. Horretarako, antzerkiaren tresna ezberdinak landuko dituztela diote: gorputz eta hots adierazpena, inprobisazioa, pertsonaien eraikuntza, eszena ezberdinen egituraketa… Eneritz Artetxek eskainiko du tailerra, eta eguenetan izango da 17:30etik 19:00etara.
Aurreko urteetako modura, helduek ere izango dute antzerki tailerraz gozatzeko aukera. Tailer horren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea zabaltzea. Iaz egindako lanari jarraipena eman gura diotela aipatu dute. Helduek ere Eneritz Artetxeren gidaritzapean egingu dute lan, eguenetan ere, baina 19:00etatik 21:00etara.
Batean zein bestean parte hartzeko interesa daukatenek, irailaren 29 baino lehen eman beharko dute izena Berhaz bulegoana. 688 84 73 47 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita ere izena eman daiteke.
Amaia Zapiainegaz. Irakurleen Txokoak ere ez du ikasturte berrian hutsik egingo, eta Amaia Zapiain izango da dinamizatzailea. Ohi legez, hilean behin batuko dira literaturan interesa daukaten pertsonak; udal liburutegian batuko dira, hilabete bakoitzeko hirugarren eguenetan, 18:30etik 20:00etara.
Aurten, zortzi liburu irakurriko dituzte. Euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko dute, denak euskaraz idatzitakoak izango dira, edo euskarara ekarritakoak.
Parte hartu gura dutenek urriaren 13 baino lehen eman behar dute izena liburutegian.