Jasangarritasunaren aldeko pedalkadak emango dituzte
11:30ean aterako dira txirrindulariak Bermeotik eta Gernika-Lumotik, Busturiko Ekoetxea Urdaibain batzeko. Izena eman behar da.
Ekoetxea Urdaibain helmuga izango duen bizikleta txangoak antolatu dituzte domekarako. Tropelean joango dira, inongo lehia asmorik barik eta jai giroan; helburua da mugikortasun jasangarria aldarrikatzea eta ikustaraztea.
Parte hartu gura dutenek, bi ibilbide dauzkate aukeran: Gernika-Lumo-Ekoetxea Urdaibai edo Bermeo-Ekoetxea Urdaibai. 11:30ean hasiko dira martxan, eta gutxi gorabehera ordu eta erdikoak izango dira, familian egiteko aproposak direla gaineratuta. Amaieran, gainera, zuzkidura puntua izango dute Busturiko Ekoetxea Urdaibain. Ondoren, parte hartzaileek euren herrietara trenez itzultzeko aukera izango dute doan.
“Gure hiriguneak garbiagoak, jasangarriagoak eta atseginagoak izatea gura baldin badugu, bizikletek protagonismoa hartu beharko lukete, eta bizikletaren kultura hori bultzatzen lagundu guru dugu. Bizikleta distantzia labur eta ertainetan garraio azkarra da, ez du erregairik kontsumitzen, ez du kutsatzen, ez du zaratarik egiten, gozagarria da, eta osasuntsua da. Ez dago aitzakirik, jantzi kaskoa eta mugitu zaitez!”, azaldu dute antolatzaileek.
Ekoetxea Urdaibaik Basati Bike eta Bermeoko Ziklistek taldearen laguntza izan du ekimena antolatzeko.
Horrez gain, oinarrizko mekanika ikasteko gune bat eta trebetasuna eta oreka lantzeko ibilbide bat egongo dira Ekoetxean. Hiru ekimen horietakoren batean parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Ekoetxea Urdaibairen webgunean.