Ile eta bizar mozketa solidarioak, kirol egokitua bultzatzeko
Kirol egokitua ikusarazteko eta bultzatzeko asmoz, Barbero Solidario elkartasun jaialdia egingo dute domekan, hirugarren urtez. Lortzen den diru guztia Haszten elkarteari laguntzeko izango da.
Kirol egokituaren eta inklusiaboren aldeko elkartasunak bat egingo du, beste behin, Gernika-Lumon. Bizargin eta ile-apaintzaileek Gernika-Lumoko Industria kalea beteko dute domekan [irailak 17], kirol egokituaren aldeko elkartasun festan. Hirugarren urtez, Sorkun ileapaindegiak, Mujeres Barberas elkarteak eta Haszten kirol elkarteak beste hainbeste talderen babesagaz antolatu dute Barbero Solidario elkartasun festa. Hala, elkarlanean, denentzako kirolaren alde egingo dute, eta aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziko dute.
24 bizargin eta ile-apantzaile eta bi estetizista ariko dira bertaratzen direnei ilea eta bizarra mozten, eta hori egiten duten bitartean, Haszten elkartekoak aniztasun funtzionala duten Bizkaiko neska-mutilen errealitateari buruzko saioak eskainiko dituzte. “Ile-apantzaile eta bizargin berriak etorriko dira aurten, Portugaletetik, Toledotik zein Madriletik. Horiez gain, aurreko urteetako batzuk ere etorriko dira, hainbat eta hainbat lekutatik”, azaldu du Sorkunde Ordorika ileapantzaile eta antolatzaileak.
Hain zuzen ere, ilea eta bizarra moztu gura dutenek 10 euroko ekarpena egin beharko dute, eta mozketa horietatik lortzen duten diru guztia Haszten elkarteari laguntzeko izango da.
Haszten.
Haszten 2014an sortu zen taldea da, aniztasun funtzionala duten Bizkaiko gazteen kirol hastapena bultzatzeko sortu zena. Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute, kirolaren eta jarduera fisiko inklusiboaren eta egokituaren bidez. “Aniztasun funtzionala duten pertsonen irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzen duen diziplina anitzeko taldea gara, bost arlotan lan egiten duguna: elkartea, federazioa, udala, hezkuntza eta terapeutika”, azaldu dute.
Gehien behar dutenei “aurrera pausoak” ematen laguntzen diete taldeko kideek, kirol talde askok ematen ez dizkieten aukerak eskainiz. “Horregatik, elkartasun jaira bertaratzen direnei aniztasun funtzionalen bat duten gazteen egoera zein den azalduko diete, eta euren egunerokoa ulertzeko ekintzak egingo dituzte”, azaldu du Ordorikak. Dioenez, ekimenaren helburua da Haszten taldearentzako “ahalik eta diru laguntza handiena” lortzea, eta, horrekin, behar bereziak dituzten ahalik eta gazte gehien laguntzea.
Denetariko jarduerak.
Jai hasierako aurreskua dantzatuta, goizetik hasiko dira ekintzak domekan. Elai Alai dantza taldekoek dantzatuko dute aurreskua, eta ostean, Gernika Crossfitekoek eta TAE Gernikakoek erakustaldia eskainiko dute, baita Daibai skateboarding taldekoak ere. Musika, berriz, Batukada Danbayan taldeak eta Sutam taldeak jarriko dute.
Horiez guztiez gain, Haszten taldekoak ere bertaratuko dira Gernikara. “2019an egin genuen lehenengo Barbero solidario elkartasun jaia, eta festa horren ondorioz, Hasztenekoek talde berria sortu zuten Busturialdean”.
Jaialdiak izaten duen jarraipena eta jendearen erantzuna “bikaina” izaten dela dio antolatzaileak, eta errotutako jaia bihurtu da. “Jende asko hurbiltzen da, eta erantzuna oso ona izaten da. Guretzako, znebat eta laguntza gehiago jaso, orduan eta hobeto”, azaldu du.
Elkartasun zozketa ere egongo da domekan, eta tiketa eskuratu gura duenak Sorkun Ileapaindegian lor dezake hori, baita Haszten elkartera deituta ere: 474 40 43 58. Urtero-urtero udalerriko zein inguruko elkarte, enpresa zein taldek parte hartzen dute zozketan, eta “oso eskertuta” daude antolatzaileak. “Ikaragarria da jasotzen ari garen elkartasuna”.