Santa Kurtze jaiak ospatuko dituzte Ariatzan eta Bizkaiganen
Santa Kurtze eguna da bihar, eta herri bazkarian batuko dira Ariatzan. Domekara arteko jaiak prestatu dituzte muxikarrek. Bizkaiganen domekan batuko dira.
Ariatzako eta Bizkaiganeko bizilagunentzako jai egun handia da biharkoa: Santa Kurtze eguna. Ariatzakoek gaur hasiko dituzte jaiak, eta domekara bitartean ospatuko dituzte. Errigoitiarrek, berriz, domekan jarri dute Bizkaiganen batzeko hitzordua.
Udazkena badatorrela adierazten duten egunak dira hauek, udako egunei agur esatekoak, eta horretarako egitarau oparoa prestatu dute Ariatzan. Gaur Atxelipe txokoan pregoia eta txupina jaurtita hasiko dituzte jaiak, eta jarraian, bezpera eguneko tradizioari eutsiz, makailao janean eta porra txapelketan bilduko dira herritarrak.
Bihar, meza nagusian elkartuko dira, eta ostean, pintxoak edukiko dituzte aukeran. Ohi legez, Santa Kurtze eguna ospatzeko herri bazkaria egingo dute txokoan, eta, tripak beteta, briska txapelketa lehiatuko dute. Eguna txokolate janagaz borobilduko dute.
Etzo, Santa Kurtze Bigarrenez, arimen aldeko meza kantatuan batu eta pintxoak dastatuko dituzte muxikarrek goizean, eta iluntzean bueltatuko da jai giroa Ariatzara. Bertsoak eta musika izango dira nagusi. Bertso saioaren ostean, musika jartzeaz arduratuko dira Txoriburu Produktions eta Gorriontxu eta Laztana dj-ak.
Zapatuan, berriz, urteroko paella usainak beteko du Ariatza, herriko kuadrilen arteko txapelketa lehiatuko baitute bertan. Umeek ere izango dute zer gozatu, umeentzako jolasak prestatuko baitituzte antolatzaileek.
Jaiak agurtzeko, Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldekoek dantza saioa eskainiko dute domekan, eta, euren ostean, urtero legez amaituko dituzte: Saragiaren hileta antzeztuta. 1922an auzoak hasi zuen ekimen herrikoiagaz agurtzen dituzte auzoko festa nagusiak urtez urte, eta aurten ere ohitura zaharragaz jarraituko dute.
Buruhandiak berreskuratu.
Errigoitiko Bizkaiganen tradizioak markatutako jaiak dira santakurtzeak, eta urtero legez ospatuko dituzte aurten ere: bertso saioa eta ardi txakur txapelketa izango dira domekako protagonistak.
Meza ostean, Errigoitiko buruhandien aurkezpena egingo dute, eta bertsolariak entzuteko momentua izango da gerokoa. Horiek lanak bukatu bezain laster, ardi txakurren lehiaketa hasiko da, eta iazko artzaiek parte hartuko dute: Amaia Ondartzak, Azkorbebeitiak, Carlos Ardanzak eta Txiplasek.
EGITARAUA
ARIATZA (Muxika)
Gaur, Santa Kurtze bezpera
20:15. Pregoia eta txupin jaurtiketa
20:15. Makailau jana.
22:30. Porra txapelketa.
Bihar, Santa Kurtze Eguna
12:00. Meza nagusia kantatua.
Ostean. Pintxoak.
14:30. Herri bazkaria.
18:00. Briska txapelketa. Izen ematea, bikoteko, 12 euro.
Ostean. Txokolate jana.
Etzi, Santa Kurtze bigarrena
12:00. Arimen aldeko meza kantatua.
20:30. Bertso saioa.
22:00. Kontzertuak: Txoriburu Produktions eta Dj Gorriontxu eta Laztana.
Zapatua, irailak 16
15:00. Herriko kuadrillen arteko paella lehiaketa.
17:30. Umeen jolasak.
20:00. Erromeria: Olatz eta Gontzal trikitilariak.
Domeka, irailak 17
12:00. Meza Nagusia kantatua.
Ostean. Ibarruriko Baso txoritxu dantza taldea.
13:30. Saragiaren hileta.
BIZKAIGANE (Errigoiti)
Domeka, irailak 17
11:00. Meza.
Ostean. Errigoitiko buruhandien aurkezpena eta bertsolariak.
12:00. Ardi txakurren lehiaketa. Artzai parte hartzaileak: Amaia Ondartza, Azkorbebeitia, Carlos Ardanza eta Txiplas.
Goizean zehar. Txistulari eta trikitilariak.