Artxo-Castañares eta Azkarai-Bidaburu bikoteak, finalaurrekoetara
Ajuriako 2. Pilota Goxua Txapelketa lehiatzen ari dira, eta lehenengo partiduak jokatuta, Artxo-Castañares eta Azkarai-Bidaburu sailkatu dira finalaurrekoetara. Bihar (irailak 14) eta barikuan (irailak 15) jokatuko dituzte txapelketako beste bi aurrez aurrekoak.
Dagoeneko hasi dira Ajuriako 2. Pilota Goxua Txapelketa lehiatzen, eta jokatu dituzte lehenengo bi partiduak. Horietan nagusituta, Artxo-Castañares eta Azkarai-Bidaburu bikoteak finalaurrekoetara sailkatu dira. Bihar (irailak 14) eta barikuan (irailak 15) jokatuko dituzte hurrengo bi partiduak Ajuriako frontoian, eta horiek ikustera bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek.
Aurtengo txapelketaren lehenengo partiduan Artxo-Castañares bikoteak Rober eta Urkiren aurka jokatu zuten, eta nagusitasunez irabazi zuten lehenengoek: 22-9 gailendu ziren. Partidu “polita” izan zela adierazi dute arduradunek: “Ondo aritu ziren laurak, baina tantoak beti jauzten dira alde batera, eta Artxo eta Castañaresen eguna izan zen barikukoa”.
Bigarren aurrez aurrekoa, Azkarai-Bidaburu eta Xabat-Atxur bikoteen artekoa, lehiatua izan zen, “maila oso onekoa”. Hala, 19ra berdindu eta gero, 19-22 nagusitu ziren Azkarai eta Bidaburu. “Tanto politak eskaini zituzten”, adierazi dute antolatzaileek.
Pilotarien lehiakortasuna azpimarratu dute, lagunarteko lehiak izanda ere, “dena ematera” kantxaratu zirelako denak ala denak. “Pilotariek dena eman zuten. Ondo lehiatu zuten, eta irabazteko gogoz agertu ziren”, aitortu dute.
Hurrengo partiduak.
Txapelketa barikuetan jokatzea aurreikusita bazegoen ere, aldaketa txiki bat egin behar izan dute aste honetan, barikuan (irailak 15) Bermeon ere pilota partiduak daudela aurreikusita. Hala, eguenean lehiatuko dute falta diren bi partiduetako bat, eta barikuan bestea.
Eguenean Latxiondok eta Muxikek Ioritz eta Perea izango dituzte parez pare, eta Jauro eta Arkaitz Gandiaga anaien aurka ariko dira barikuan; anai lekeitiarren bikoteak txapela irabazi zuen iaz, eta titulua berresten saiatuko dira aurten: “Horiek ere partidu lehiatuak izango dira, pilotariak ez datozelako eguna pasatzera. Serio jokatuko dute”.
Bigarren urtez antolatu dute lehiaketa, lehenengo urtean jasotako “erantzun ona” eta gero. Hala, antolatzaileeek adierazi dute pilota jokoa “bizitzea” dela txapelketaren helburua: “Bultzada bat eman gura diogu pilotari, bizitu gura dugu”. Hain zuzen ere, antolatzaileak “pozik” daude lehenengo partiduak ikustera bertaratu zirenekin: “Giro ona egon zen. eta gazte asko ikus zitekeen. Hori albiste ona da pilota bultzatzeko. 10 urtetik beherako gaztetxoak pilota jokoari buruz berbetan entzutea beti da ona”.
Esku pilota txapelketako finala irailaren 29an jokatuko dute.