"Errekorreko" uda Bakearen Museoan
Orain artekoari begiratuta, urte honetan 45.240 pertsonari erakutsi dizkie bere erakusketak eta jarduerak Bakearen Museoak, horietako 23.719 pertsonari, ekainetik abuztura bitartean.
25. urteurrena (1998-2023) ospatzen ari da Gernika-Lumoko Bakearen Museoa, eta errekorrekoa izan da udako bisitari kopurua: 23.719 pertsonak bisitatu dute museoa ekaina eta abuztua bitartean, iazko 19.479 bisitariak eta 2019an hartutakoak (18.717) nabarmen gaindituz.
Hau da, urtarriletik abuztura arte, Bakearen Museoak munduko leku guztietako 45.240 pertsonari erakutsi dizkie bere erakusketak eta jarduerak. Horiek horrela, urtea 60.000 bisitari ingurugaz ixtea aurreikusi dute museoko arduradunek: “Kopuru oso altua da baliabide mugatuak dituen gu bezalako museo txiki batentzat”.
Museora hurbildutako bisitaren artetik, 5.814 izan dira Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroatik hurbildutakoak, bisitari guztien %12,86. Espainiakoak, berriz, 11.569 izan ziren (denen %25,57). Europatik, aldiz, 23.684 pertsona hubildu ziren (%52,35), eta 2.410 izan ziren kontinente amerikarrekoak –bisitari guztien %5,33–. Munduko beste leku batzuetatik, berriz, 973 bertaratu ziren Gernika-Lumoko museora, %2,16.
4.000 pertsona baino gehiago, ibilbide gidatuetan
Museoko aretoetara egindako bisitez gain, 4.000 pertsonek baino gehiagok parte hartu dute museoak eskaintzen dituen ibilbide gidatuetan (Memoritour Gernika), bai eta egunero, ekainetik irailera bitartean, 16:00etatik 17:00etaraoko ordutegian, museoaren 25. urteurrena dela eta eskaini dituzten doako bisita gidatuetan ere.
Diotenez, Euskal letren bonbardaketa aldi baterako erakusketak ere jende ugari erakarri du: “Erakusketa honen helburua da ezagutaraztea 36ko gerrak eta frankismoak euskal kulturarengan eta euskal letrengan izandako eraginaren itzal luzea”. Hala, Francoren erregimenaren menpeko zentsura instituzionalak euskal kultura idatzian izandago eragina laburbiltzeaz harago, erakusketak erakusten du zein zen 1975-1983 bitartean oraindik martxan jarraitzen zuen zentsura aparatuaren jarduna. “Horretarako, kultura idatzi horren industriaren ketebegi ezberdinetan izandako eragina agerian uzten da, heldu nahiz haurrei zuzendutako liburuen zentsura txostenei ez ezik, orain arte arreta gehiegirik eskaini ez zaion edizioaren esparruari arreta berezia eskainiz”, azaldu dute museoko ordezkariek.
Nazioarteko bi proiektu.
Museoak erakusketak eskaintzeaz gain, ikertu ere egiten du, eta nazioarteko topaketa zein biltzarretan parte hartu ere bai. Horrez gain, hezkuntza jarduera ugari egiten ditu eta Europako bi proiektutan aktiboki parte hartzen du: Rememchild eta Making Histories proiektuetan.
Rememchild proiektua Migraid Migrazioak eta Laguntza Humanitarioa Europan proiektuaren (1914-1949) jarraipenaren aldeko apustua da. Proiektu hori Europe For Citizens 2019 deialdian onartu zen, eta haren helburu nagusia izan zen haurren eta emakumeen esperientzia kolektiboetan sakontzea, 1914tik 1949ra arte. Izan ere, Europako Historian aldi gorabeheratsua eta erabakigarria izan zen hori, munduko bi gerra gatazkek eta biztanleria zibilean izan dituen ondorio ugarik markatuta.
Kultura eta hezkuntza historikoari buruzko jakintza sustatzeko proiektuan lan egiten du museoak
Hala, proiektuagaz, Europako haurren memoria berreskuratu eta zaindu gura dute, baita erregimen ez demokratikoek aplikatutako diskriminazioak, jazarpenak eta gorrotoak haurrengan eta emakumeen utzi dituen ondorioak agerian utzi ere. “Gainera, Europako herrien arteko elkartasunean emakumeak nagusi izan zirela berretsi eta zabaldu gura dugu, baita historiatik, ezagutzatik eta memoriatik Holokaustoa desitxuratzearen eta ukatzearen aurka borrokatu ere. Halaber, antisemitismoari, arrazakeriari, diskriminazioari, gorrotoari xenofobiari eta abarri aurre egin gura diogu”, esan dute proiektuko parte hartzaileek. Bigarren Mundu Gerraren ondorioei buruz hausnartzea, heztea eta biktimak oroitzea dute helburu: horiek horrela, demokrazia, askatasunaren errespetua, berdintasuna, giza duintasuna, eta haurren eta emakumeen eskubideak defendatzea du helburu nagusitzat proiektuak.
Bestalde, Making Histories proiektuak kulturari eta hezkuntza historikoari buruzko jakintza ekoizpenaren diziplina arteko ikusmoldea bultzatzeko proiektua da. Hala, proiektu horren helburua nagusia da erakundeen nazioarteko eta diziplinarteko sare bat sortzea, gaur egungo gizarte demokratikoetan ordezkaritza historikoen zeregina hobetzeko. Zehaztu dutenez, “arreta berezia” eskainiko zaio generoaren presentziari eta globalizazioaren erronken garrantziari. Proiektuak ikerketa artikuluak, liburuak eta garapen profesionalari buruzko ikastaro digital bat sortuko ditu, eta “ikuspegi dialogikoa” sortuko du historiaren irakaskuntzan. Jakinarazi dutenez, Europa, Australia, Kanada, Hego Korea, Israel eta Latinoamerikako 18 erakundek parte hartzen dute proiektuan.