Berdintasun Saila "pozik" dago jaietako lehenengo asteburuagaz
26 taldek parte hartu zuten atzoko play-back lehiaketan; euriaren eraginez, Lameratik txosnako karpara lekualdatu zuten. Txosna Batzordeak antolatutako molto lehiaketa bertan behera geratu zen.
Bermeoko Udalaren Berdintasun Saila Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako lehenengo asteburuko balorazioa egiteko batu da, eta balorazioa eginda “oso pozik” daudela adierazi dute. “Erakutsitako errespetuagatik” eskerrak eman dituzte.
Puntu Morean zeuden profesionalengana herritar asko hurbildu direla zehaztu dute. Bestetik, aurten lehenengoz jarritako Gautxori zerbitzua 300 pertsonek erabili dutela esan dute.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek aurrera jarraitzen dute. Atzo, euriagatik egitaraua apur bat moldatu beharra izan zuten, eta, esaterako, Txosna Batzordeak antolatutako molto lehiaketa bertan behera utzi zuten. Hala ere, Divenire dantza eskolakoen erakustaldiagaz eta Motx pailazoaren ikuskizunagaz ondo pasatzeko aukera eduki zuten ume zein nagusiek.
Play-back txapelketa ere atzo izan zen. Lameran egin behar zen, baina euriagatik txosnako karpan babestuta egin zuten, eta bete-beteta egon zen. Atzokoan, 26 taldek parte hartu zuten.
Gaur arratsaldean jarraituko du egitarauak, 17:00etan hasita. Herritik ginkana egingo dute, eta mus txapelketaren finala jokatuko da Herr tabernan. 18:00etan, berriz, XLI. Bermeoko Hiria Eskupilota Txapelketa jokatuko da Artza frontoian. Ondoren, 19:00etako kale antzerkia Irakaskintza kalean izan beharrean, “eguraldiaren iragarpenagatik”, Andra Mari elizpean egingo dutela zabaldu dute udaletik, eta hori amaituta txokolatea eskainiko dute (bakoitzak bere edalontzia eroan beharko du) Gizarte eta Kultura Etxean. Azkenik, 20:00etan, txosnagunean bakarrizketa egongo da.