Urdinez jantzi da Bermeo Urdaibai txalotzeko
Azken txanpa falta dute, eta txanpa horretako lehenengo hitzordua Bermeoko uretan daukate zapatuan. 2016tik ez dute herriko bandera irabazi, eta "gogotsu" daudela dio Iker Zabala entrenatzaileak.
Donostiako uretan izugarrizko erakustaldia eman ostean, 128. Kontxako Banderagaz iritsi ziren atzo 20:30ak aldera Bermeo-Urdaibaiko arraunlariak. Herria urdinez jantzi zen, Bou Bizkaia-ko arraunlarien lana txalotzeko. Arraunlariek eta baita klubeko kideek ere, banan-banan astindu zuten klubaren zazpigarren Kontxako Bandera Lamera bete baten aurrean.
Poztasuna nabaria zen, bai taldekideetan eta baita herritarren artean ere. “Nahiz eta bandera asko irabazi, horrenbeste irabaztea ez da normala, eta batzuetan horren balioa galdu egiten da. Hala ere, Bermeora banderagaz etorri eta Lamera beteta ikusteak bete egiten gaitu”, zioen Iker Zabala entrenatzaileak.
Bermeo-Urdaibairentzat zazpigarren Kontxako Bandera izan da, baina Zabalarentzat bederetzigarrena: “Zorte ona eduki dut. Arraunlari modura beti izan ditut talde onak, hemen zein kanpoan. Sekreturik ez dago, zaila da horrenbeste sari izatea. Bederatzi zenbaki garrantzitsua da, baina ea azkena ez den”.
Urdaibairen eta Zierbenaren artean egon zen garaipenaren lehia, eta lehenengo jardunaldiko errenta (1.25) erabakigarria izan zitekeela bazekiten. “Gure aurkaria (Zierbena) lehenengo txandan egon zen, jakin bagenekien Zierbena arin zebilela. Gure txandan ere bazeuden talde indartsuak, baina erraz joan gara hasieratik. Erreferentziak ematen joan naiz mutilei, eta estutasunak ere izan ditugu, batez ere, kanporako bidean. Baina, gure arraunlariek sekulako indarra daukate, eta banekien barrurantzean gure lana eginda, tarte hori izango genukeela. Mutilei esan nien estropada 19 minutu eta 10 segundotan egiteko kapazak zirela, eta begira, 19.09tan egin dugu. Ez daukat beste ezer esateko”.
Oraindik, baina, azken txanpa falta dute, eta txanpa horretako lehenengo hitzordua, gainera, Bermeoko uretan daukate zapatuan [irailak 16], Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako azken egunean. Zioenez, 2016tik ez dute herriko bandera irabazi, “ez baita erraza” Bermeoko bandera irabaztea: “Aurten gogor gatoz, eta mutilek topera daukate morala”. Hala, horren bila aterako direla zioen Zabalak, nahiz eta zaila izango den badakien: “Hankak lurrean eduki behar ditugu, hau kirola baita. Aurkariak minduta etorriko dira eta banderaren bat irabazteko gogoz aterako dira. Guk, gure aldetik, gauzak ondo egin behar ditugu, eta uste dut lana ondo egiten baldin badugu, etxean geratuko dela bandera”.
Eusko Label Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan 9 puntuko aldea ateratzen diete Hondarribia bigarren sailkatuari. “Puntu asko” direla zioen Zabalak, eta “ligak ez duela alde egingo” gaineratu.
Atzokoa disfrutatzeko eguna zela zioen: “Urtea gogorra da. 11 hilabete daude zaintzen, batzuk arraunean, beste batzuk estropada gutxitan parte hartzen, eta beste batzuk, estropadarik egin barik. Arrauna kirol gogorra da, baina harrapatu egiten gaitu, eta horregatik daramatzagu hainbeste urte”.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak ere eduki zuen Kontxako Bandera astintzeko aukera, eta taldeak egindako lanagaz “pozik” agertu zen, euren lana zorionduz. “Bermeo ezin daiteke itsaso barik ulertu, eta itsasoa ezin daiteke ulertu gure arraunlari eta traineru barik. Hala, gure maitasuna eta babesa eskaini behar diogu Urdaibairi. Eskerrik asko egin duzuen lanagatik, eta gure herriaren izena munduan zabaltzeagatik”, adierazi zuen bermeotarren aurrean.