Kanpoko euskal komunitateen lanari aitortza
Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna izan zen barikuan, eta kanpoko euskal komunitateek egiten duten lana azpimarratu zuten Gernika-Lumon. "Gure herria hobetzen duzue eta gure aberriaren izana eta izen ona handitzen duzue".
Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna izan zen barikuan [irailak 8], eta kanpoko euskal komunitateek Euskal Herriaren “sugarrari bizirik eusteko” egiten duten lana azpimarratu zuten Gernika-Lumon. Mundu bat inguruan antzezlan musikalaren bidez, euskal migrazioaren iraganeko eta oraineko bi errealitateak antzeztu zituzten, eta, Euskal Herria Museoan jarri duten Basques in Australia erakusketa ere inauguratu zuten Euskal Australiar Elkartekoek.
Eguneko ekitaldi instituzionala museoaren lorategian egin zuten, eta Amaia Urberuaga Euskal Australiar Elkartearen presidenteak Australiara joan ziren horiek gogoratu zituen. Izan ere, Australia oso lotuta dago udalerriagaz eta inguruagaz: 1950eko hamarkadan egin ziren Operacion Canguro gisako deialdiei erantzunez, kainabera ebatera joan ziren euskaldun asko, baita tabako industrian lan egitera, edota meatzeetara zein eraikuntzan aritzera. Haien aztarnak erroturik dirau Queensland-en, Townsvillen, Sidney, Melbournen zein Inghamen.
“Australiara joan zen lehen euskaduna izan zen Aniceto Mentxaka lekeitiarra. Uste da 1907an itsasontzi batetik salto egin zuela Sidneyn, eta hiru urte beranduago Inghamera joan zela. Bertan, Leandra Arakistainekin ezkondu zen”, azaldu zuen Urberuagk, eta, ordurako, euskadunak Inghamen zeudela azpimarratu zuen. “Badakit Australian lehenago ere egon zirela, baina Ingham aldera orduan jo zuten”, arrazoitu zuen. Hain zuzen ere, 500 bizkaitar eta 160 nafar Operacion Canguro, Operacion Eucaliptus eta Operacion Emu delakoetan joan zirela adierazi zuen, baita 80 ume inguru ere.
Joan ziren horietako askok bueltatzea erabaki zuten, eta horien ondorengoak Euskal Herrian bizi dira. Komunitate hori batzeko asmoz, bertan zuedenek elkarte bat sortzea erabaki zuten 2018an, eta senidetze bazkaria egin zuten horretarako. 250 lagun elkartu ziren bertan, eta euren arteko hartu-emanak bultzatu dituzte ordutik. “Urte berean, abenduan, Euskal Australiar Elkartea sortu genuen, eta hurrengo urtean Australiara bidaiatzea erabaki genuen; 50 pertsona joan ginen. Hango bi txokotako jendea ezagutu genuen, eta esperientzia polita izan zen”.
Bueltan etorri zirenean, baina, lanean hasi ziren berriro, eta Australiara joandakoen testigantzak batzeari ekin zioten. Hala, 42 pertsona elkarrizketatu dituzte ordutik, 31 gizonezko eta 11 emakumezko. Australiara joandakoen memoriaren ahozko testigantzak biltzeko lan hori euskal diasporaren artxiboan sartu du Euskal Australiar Elkarteak, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako artxibo historikoaren parte da orain. “Hori da gure elkartea egiten ari dena. Elkarrizketekin jarraituko dugu, jendeak jakin dezan Australiara ere euskaldunak joan zirela. Eta euskaldunak bertan bizi direla”.
Iñigo Urkullu lehendakaria ere ekitaldian izan zen, eta egun horrek helburu hirukoitza daukala esan zuen: kanpoan dauden euskal komunitateen aldarrikapen historiko bati erantzuna ematea, komunitate horien errealitatea Euskal Herrian ezagutaraztea eta Euskal Herria migratzailea izan dela eta izango dela aitortzea. “Herri modura, munduko hamaika tokitan zabaldu dizkigute ateak, eta guk ere erantzun historiko hori eman dugu. Ez dezagun ahaztu. Gernikatik jarraitu dezagun fruitua ematen eta zabaltzen, han eta hemen, hemen eta han, baina beti aberria harrotasunez mundutik eramanez”.
Diasporan bizi diren horiengana ere zuzendu zen: “Gure herria hobetzen duzue eta gure aberriaren izana eta izen ona handitzen duzue. Eskerrik asko”.
Kanpoan Euskal Etxeek jasan duten lana aitortu zuen lehendakariak, eta gizarte harremanetan eta nazioarteko mugikortasunean egon diren aldaketetara ondo egokitu direla adierazi zuen. Azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritza errealitate berri horiek aztertzeko lanean ari da, Han-Hemen ekimenaren bitartez. “Ekimen horren bidez, euskal migratzaileen errealitate desberdinak aztertu eta kontrastatu nahi dira, mundu osoko euskal herritar guztientzat zerbitzuak eta informazioa eskainiko dituen plataforma digital bat sortzera ailegatzeko”, esan zuen.
Era berean, jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritza 8/92ko legea eguneratzeko lege proposamen berri bat lantzen ari dela, euskal diasporaren errealitate berriak barne hartuko dituena, “orainari heltzeko, eta, zelanbait, etorkizunari aurrea hartzeko”. Guzti hori Donostian egingo den Kanpoko Euskal Komunitateen Mundu Biltzarrean aztertuko dute, Eraldaroa lelopean.
Aurten, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna Gernikan ospatu zen, baina kanpoko euskal komunitateak streaming bidez jarraitu ahal izan zuen. Gainera, hainbat ekitaldi antolatu ziren Alemaniako, Argentinako, Belgikako, Txileko, Kolonbiako, Espainiako, Frantziako…. Euskal Etxeek eta munduko beste hainbat euskal erakundek bultzatuta.