Irazu eta Aranguenaren neurriko Urdaibai Kopa
Gautegiz Arteagan lehiatu dute aurtengo Urdaibai Kopako azken proba. Imanol Goñi eta Araitz Irazu nagusitu dira. Sailkapen orokorra Irazuk eta Julen Aranguenak poltsikoratu dute.
Amaitu da 2023ko Urdaibai Kopa. Zazpi hilabetez, eskualdeko nahiz inguruko mendi korrikalariek bost proba lehiatu dituzte, Ibarrurin hasita eta Gautegiz Arteagan amaituta; tartean, Ereñoko, Gernika-Lumoko eta Nabarnizko lasterketak egon dira. Lehiaketaren hasieratik botere eta erregulartasuna erakutsita, Araitz Irazu Legorburu hernaniarra eta Julen Aranguena Arribalzaga kortezubitarra nagusitu dira azken sailkapenean; biek ala biek bina garaipen lortu dituzte txapelketan. Irazuk Ibarruriko eta Gautegiz Arteagako lasterketak eskuratu ditu; Aranguenak, ostera, Ibarrurikoa eta Gernika-Lumokoa.
Urdaibai Kopako azkenengo geltokia Gautegiz Arteagak hartu zuen domekan [irailak 10]. Lasterkariek 17 kilometroko eta ia 1.000 metroko desnibel positibodun ibilbide gogorra eduki zuten. Besteren artean, Ereñozar mendi tontorrera igo ziren korrikalariak. Imanol Goñi Aranburu natxituarrak, gizonezkoen artean, bere legea ezarri zuen, garaipen sendoa lortuz. Podiumean alde banatara eduki zituen Aranguena eta sailkapen orokorrean bigarren amaitu duen Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarra. Azken sailkapen horretan, hain zuzen ere, Paul Goitisolo Otazuak osatu du podiuma.
Emakumezkoen lasterketak protagonista handi bakarra eduki zuen: Irazu. Arrolape Mendi Klubekoak ez zien inongo aukerarik utzi bere aurkariei, eta bai azken lasterketa, bai sailkapen orokorra irabazi zituen; emakumezkoen podiuma Nora Narbaiza Albisua zaldibartarrak osatu zuen. Azken sailkapenean, Irazu eta Narbaiza lehenengo eta bigarren izan dira, eta hirugarren, ostera, etxeko korrikalarietako bat: Ziortza Barruetabeña Erdaide gernika-lumotarra.
Adin denak presente. Aurtengo Urdaibai Kopan, senior mailako sailkapenaz gain, gazteei nahiz beteranoei plaza eman diete. Beteranorik bizkorrenak Aranguena eta Amagoia Salazar Bilbao elorriotarra izan dira. Gazteen artean, berriz, Barruetabeña eta Xuban Muniozguren Arrate markina-xemeindarra nagusitu dira.
Korrikalariez gain, Gautegiz Arteagan hainbat martxalari ere bildu ziren. Izan ere, antolakuntzak ibilbide luzea eta laburra atondu zituen, mendizale profil guztiei zuzenduta. Aurreko ekitaldietako kopuruak gaindituz, 400 martxalari inguru elkartu ziren. Antolatzaileak “oso asebeteta” agertu dira kopuruagaz: “Asteburuan Sorginen Lasterketa edota beste proba batzuk egon direla ikusirik, pozarren gaude korrikalariek emandako erantzunagaz. Horrez gain, martxetara ere jende pila bat animatu zen, eta horrek hurrengo urtean errepikatzeko adorea ematen digu”.
Era berean, laguntzan aritutako herritarrentzat “esker oneko berbak” baino ez dituzte antolakuntzatik: “Era guztietako eginbeharrak aurrera atera ahal izateko, boluntarioak guztiz beharrekoak dira. Arteagarrek bikain erantzun dute, beste urte batez: izen emateen gunean, kontsignan, anoa postuetan, bidegurutzeetan… izugarrizko lana egin dute, konpromiso oso esanguratsua erakutsiz”.