"Ilusioz eta eraberrituta" dator danborrada
Gaztelugatxe Tanborrada Taldea eraberrituta dator aurten. Talde mistoak sortu dituzte lehenengoz, eta sukaldariz, baserritarrez eta arrantzalez jantzita aterako dira danbor jotzaileak herriko kaleetara.
Urte luzez entzun dira danborren eta makilen hotsak Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, eta soinu horiekin kaleak betetzen dituen Gaztelugatxe Tanborrada Taldea eraberrituta dator aurten. Taldearen zuzendaritzaren erreleboa hartu dute Lorena Gonzalezek eta Biotza Munitizek, eta aurreko lantaldearen asmoei jarraituta, “ohitura zaharra zaintzeko” eta “eguneratzeko” helburuz ari dira lanean.
Hala, aurreko taldearen “bihotza eta xarma” errespetatuz, “ilusioz” hartu dute kargua: “Pandemia aurretik hasi ginen danborradan, eta esperientzia oso polita izan zen. Horregatik, tradizioa mantentzen jarraitu gura izan dugu”.
Eurekin batera, danborradaren erritmo berriak prestatzen aritu dira Goiuri Bilbao, Iker Lazaga eta Iker Bilbao talde zuzendariak: “Talde homogeneoa sortu dugu, denok berdin pentsatzen dugu, eta gauzak egiteko ilusioa daukagu”.
Hala, ohitura mantentzeaz gain, hori eguneratzea erabaki dute: amagoiak kendu, errepertorioa berritu, ibilbidea egokitu eta talde mistoak sortu dituzte, besteak beste.
Talde mistoak
“Lehen, nesken, mutilen eta sukaldarien taldeak zeuden. Neskak eta mutilak banatuta antolatzen ziren, baina guk talde mistoak sortzea erabaki dugu eta, orain, baserritarrak, sukaldariak eta arrantzaleak izango dira taldeak”, azaldu du Munitizek. Neskek zein mutilek denetan parte hartu dezakete, eta jendeak “oso ondo” erantzun duela dio. Izan ere, arrantzaleetan 30 pertsonak izena eman dute, sukaldarietan 25ek eta baserritarretan ia 40k. “Zenbaki horietan mugitu gara beti, baina inoiz ez dira horrenbeste arrantzale egon; 20 egon ohi izan dira”. Azken astean jende gehiago hurbiltzea espero dute antolatzaileek.
Danborradaren errepertorioa apur bat moldatu dute, “eguneratu” egin dituzte abestiak. ”Ezin ditugu kanta berriak zeintzuk diren esan, sekretua delako. Baina danborradako betiko kantuez gain, hiru abesti berri sartu ditugu, baten bat herriko kanta”.
Ibilbidea ere egokituta, eskola publikotik aterako dira, eta lehenengo geldialdia Sancti Spiritus udal zaharren egoitza aurrean egingo dute. Bertatik, Goiko Plazarantz joango dira, bertan egingo dutelako lehenengo alardea. Gero, Taraskara joango dira, bertan ere alardea egiteko, eta handik Lamerara joango dira. Azken alarde horretan ezusteko bat egongo dela aurreratu dute.
Aurtengo aldaketekin, danborradara jende gehiago gerturatzea espero dute, izan ere, gazteak aktibatu gura dituzte. “Batzar bat egin genuen jendeari aldaketak azaltzeko, eta herritarrek oso ondo erantzun dute. Hainbat entsegu egin ditugu, eta urteetan ikusi ez dudan jarrera ona ikusi dugu. Jendea pozik dator”.
Erronka berriak
Aurrera begira, umeen danborrada berreskuratzea ere bada euren asmoa. “Aurten hasi gara, eta denboraz justu ibili gara. Gainera, umeen danborradak prestakuntza ordu gehiago eskatzen ditu, eta datorrenera begira antolatzeko asmoa daukagu”, dio Munitizek. Gabonetako erregeetako danborrada ere berreskuratu gura dute: “Dena martxan jartzeko eta denari buelta bat emateko gogotsu gaude. Ohituagaz jarraitu gura dugu, hori mantentzeko eta oso ondo pasatzeko”.