"Boluntarioen lana balioan jarri dutelako oso pozik gaude"
Herriak aukeratuta, Herri Babesako boluntarioek izan dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako pregoia botatzeko ardura; "pozik gaude jaso dugun esker onagatik".
Xixili, Nadia Nemeh Shomaly alkatea eta Herri Babesako boluntarioak izan ziren atzo gaueko protagonista nagusiak. Goiko Plaza bete baten aurrean pregoia eta txupina botatzeko ardura izan zuten, aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emateko. Hala, irailaren 16ra arte, herriko abesti ezagun batek esaten duen moduan, bermeotarrak egunaro egunaro kalien ibiliko dira.
Lehenengoz, aurten, herritarrek izan dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako pregoilaria aukeratzeko ardura, eta Herri Babesa aukeratu dute. Boluntarioetako batzuk udaletxeko balkoian izan ziren, eta beste batzuk, berriz, Bermeoko bandera eta Ikurrina altxatzeko ardura eduki zuten. “Oso pozik gaude bermeotarrengandik jaso dugun esker onagatik. Txupina botatzeko izendatu den lehen taldea izatearen saria zuoi zor dizuegu, zuoi eta gugan duzuen konfidantzari. Egiten dugun lana aintzat harttzen du herriak”, esan du Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek.
Herriak boluntarioen lana balioan jarri duelako izugarri pozik daude: “Lehenengo urtean boluntarioen lana goraipatzea izugarrizkoa da”. Izan ere, Ojangurenek beste behin ere gogorarazi gura izan du, musutruk lan egiten dutela, “herriaren onerako”. Duela 31 urte sortu zuten taldea, “gerta daitezkeen unean uneko arazoei irtenbidea emateko”.
Hasiera batean, udal ordezkariekin batera bertso bat botatzekoak zirela aipatu du Ojangurenek, baina azkenean euren adierazpena egitea hobetsi dute.
Urte hauetan guztietan momenturen batean Herri Babesaren familiaren parte izan direnak gogoan izan zituzten atzo. “Isilean eta atentzio lar deitu barik” lan egiten saiatzen direla dio Ojangurenek, baina herritarrei jakitera eman gura izan die, “beti prest daudela etorri daitekeenarako”.
“Beharrezkoa”
Mota guztietako zerbitzuak ematen ditu Herri Babesak, “arrisku gehiago edo gutxiagorekin”. Suhiltzaileekin elkarlanean aritzen dira, horiek Bermeora heltzeko 20 minututik gora behar dituztela aipatuta: “Gero eta denbora gehiago behar dute Bermeora iristeko, zirkulazioa eta semaforoak kontuan hartuta. Eskerrak gu gauden! Idurre Bideguren alkate ohia saiatu zen bere garaian Bermeorako suhiltzaileen talde bat lortzen; izan ere, Gernika-Lumoko suhiltzaileen irteeren %75 inguru Bermeora izaten dira. Uste dut, hortaz, beharrizana badagoela”.
Ojangurenen arabera, Herri Babesa herriarentzako «beharrezkoa» den zerbitzu bat egiten ari da: “Boluntarioak gara eta beharrezko zerbitzu bat egiten ari gara. Daukaguzan gauzekin zerbitzua ematen saiatzen gara, ahalik eta hobeen”.
Irteera asko egin ostean, une asko dira ezin ahaztu daitezkeenak, bizipen asko baititu. Denetatik, baina, zailenak suteak izaten direla aipatu du: “Berehalako eskuhartzea behar dute, bost minutu galtzen baldin baditugu bizitzak ere galdu ditzakegu. Sua beltza da, ez da ezer ikusten”.
Boluntario aldetik momentu “onean” daudela dio, hogei inguru badira ere, hamabi ibiltzen dira aktiboki. Boluntarioa izateko 18 urtetik gora eduki eta gogoa baino ez dira behar. Hortik gora, egoera desberdinetarako prestatzen dituztela dio, “suteetarako, arretarako, kostaldeko erreskateak…”.