Zer ikusi eta zerekin gozatua egongo da Mendatako Nekazal Azokaren 25. edizioan
Mendatako Nekazal Azokaren 25. edizioa ospatuko dute domekan [irailak 10].”Ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukera ezin hobea” dela nabarmendu dute Mendatako Udaletik. Aurten, azokak mende laurdena bete arren, ez dute ezer berezirik atondu egitaraurako, urterokoak harrera ona izaten duela iritzita: “Finkatuta dagoen azoka bat da, egin izan dugunak ondo funtzionatzen du, etortzen direnei gustatzen zaie eta horrela jarraitu gura dugu”.
Hala ere, egongo da zer ikusi eta zerekin gozatua. Euskal oiloaren erakusketa orokorra egingo da artape atzean; abere erakusketa, haurrentzako puzgarriak eta “txerria bruduntzian” ere egongo dira bertan. Bestetik, artape aurrean eta artapean 17 postu egongo dira eta beste 18 postu frontoian. “Ortuariak, txakolina, gazta, ogia, euskal pastela, eztiak, kontserbak eta eskulanak” egongo dira, besteak beste.
12:30etan, “norgehiagoka ikusgarria” eskainiko dute pisu libreko idi probatan arituko diren Joseba Andoni Bilkarregi eta Iturbe Anaiek.
Mendatako Udaletik herritarrei hurbiltzeko eta bere aletxoa jartzeko eskatu diete Mendatako Nekazal Azokak beste 25 urte bete ditzan, “herritarren kolaborazioa eta inplikazioa eskaten ditugu aurrera jarraitzeko”, azaldu dute.