Urdaibai Koparen azkenengo proba, Gautegiz Arteagan
2023ko Urdaibai Koparen irabazleak zeintzuk diren argituko da domeka honetan [irailak 10]; Ekaitz Lejarzegi eta Nora Narbaiza daude kopako sailkapeneko lidertza postuetan. Mendi martxa luzea zein laburra ere izango dira aukeran, eta antolatzaileek bertaratzeko gonbidapena luzatu dute. Aldaketa txiki bat egin dute ibilbidean, itsasadarreko marea aldaketa saihesteko.
Gautegiz Arteagako VII. Mendi Martxa eta Lasterketa amaituta argituko dira 2023ko Urdaibai Koparen irabazleak, domekan [apirilak 10]. 10:00etan irtengo dira korrikalariak eta 17 km-ko ibilbidea (970 m-ko desnibelagaz) egin beharko dute.
Ibarrurin, Ereñon, Gernika-Lumon eta Nabarnizen lehiatu zituzten aurreko probak, eta, gaur gaurkoz, Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra eta Nora Narbaiza zaldibartarra dira sailkapen buru. Orain arteko lau lasterketa horietan 192 puntu bildu ditu Lejarzegik, eta haren atzetik daude Kepa Bastegieta gernika-lumotarra eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarra, 181 puntugaz eta 174 puntugaz, hurrenez hurren. Narbaizak, berriz, 186 puntu dauzka; 173 puntu ditu Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarrak eta Amelie Le Gall 179 puntu getxoztarrak.
Iaz Ainhoa Zelaiak eta Imanol Goñik irabazi zuten Gautegiz Arteagako mendi lasterketa, eta Urdaibai Kopa, ostera, Julen Aranguenak eta Maialen Basterrak.
Izen ematea. Lasterketan zein mendi martxan parte hartzeko aurretiazko izen ematea gaur gauerdian itxiko dute www.herrikrosa.eus webgunean, eta aurrez izena eman dutenekin gehienezko parte-hartzaile kopurura heldu ezean, domekan bertan ere izena eman ahalko da. Irailaren 3ra bitartean izena eman zutenek daukate kamiseta ziurtatuta.
Atzo arratsaldean 250 pertsona zeuden izena emanda: 40 lasterketarako, 150 martxa luzerako eta 60 martxa laburrerako.
Martxa luzeko parte-hartzaileek domekan 09:00etan hasiko dute 15 km-ko ibilbidea (740 m-ko desnibelagaz). Laburra, berriz, 6 km-koa izango da, eta hori egitera doazenentzat 11:00etan ipini dute irteera-ordua. Betiko moduan, ibilbidean zehar hornidura guneak egongo dira, eta, amaieran, luntxa eskainiko dute eta frontoian dutxatu ahalko da.
Antolatzaileek esan dutenez, ibilbidean aldaketa txiki bat egin dute, itsasadar ertzeko tarte batean: “Iaz, marea bizien ondorioz, itsasgoran ibilbideko zati hori urez bete zen Isla inguruan, eta partaide batzuk belaunetaraino busti ziren, beraz, hori zein bestelako arazoak ekiditeko Islan beste leku batetik joango dira errotaraino”. Bertaratzeko gonbidapena luzatu dute: “Eguraldiak ere lagunduko digu, eta jendeari animatzeko esan gura diogu; sekulako ibilbide polita daukagu, herri eta inguru ederra da, eta merezi du”.