Mallonari omenaldia egin diote, bere erailketaren 86. urteurrenean
Mundakarrek faxismoak eraildako Alejandro Mallona Iza gogoratu dute. Elkarretaratzea, kalejira eta lore eskaintza egin dizkiote Mundakako alkate izandakoari.
Mundakako herritarrek omenaldia egin zioten martitzenean [irailak 5] herriko alkate izandako eta faximoak eraildako Alejandro Mallona Iza zenari. Bakearen eta memoriaren keinu, mundakarrak plazan elkartu ziren 18:00etan eta, herriko txistulari taldeak gidatuta, kalejira egin zutzen herriko kaleetan barrena. Adin denetako herritarrak bildu ziren omenaldira, 1931an alkate izandako eta 1937an eraildako mundakarra gogoratu asmoz.
Kalejira Mallonaren izena daraman parkean amaitu zuten. Bertan, Mundakako Udaleko ordezkariak eta herritarrak Mallonaren senideekin elkartu ziren. Ohorezko aurreskuaren ondoren, lore eskaintza egin zioten Mallonari, parke horretan bere omenez jarrita dagoen oroitarrian. Senideak izan ziren, hunkidurarako momentu batean, loreak ipintzeko ohorea eduki zutenak. Jarraian, Mundakako alkate Sorne Rubiok hitza hartu zuen, eta herriko idazle esanguratsuenetako baten, Edorta Jimenezen, berbak baliatu zituen, Mallona gogoratzeko. Alkateak faxismoak sortutako “zauriak, krudeltasuna eta heriotza” izan zituen ahotan. Oroitarrian Mallonaren izen-abizenak egon arren, omenaldia jazarpena pairatu zuten “guzti-guztiei” egin ziotela adierazi zuen Rubiok.
Sorne Rubio Mundakako alkateak, bere berbaldian, Edorta Jimenezen berbak baliatu zituen
Era berean, 37ko gerrak ez ezik, gerraosteko urteek ere ekarritako ondoeza nabarmendu zuen bere berbaldian: “Mallona fusilatu zuteneko Bizkaia hartan ez zegoen, harrezkero, gerrako fronterik, baina bai, ostera, gorrotoa eta mendekurako grina. Gerraondoa gerraren jarraipena izan zen: heriotza gehiago, erbestea, kartzela eta makina bat zigortu ekarri zituen”. Garaiko kultur nahiz hizkuntz debekuez ere mintzatu zen alkatea. “Faxismoak, besteren artean, kanposantuetako hilarrietatik euskera ere kendu egin zuen, lurpean hilda zeudenei bigarren heriotza emanez; harrizko eta isiltasunezko gau luzea izan zen”, adierazi zuen.
Sorne Rubio: “Egungo Mundaka oroimenaren leku izan behar da”
Bere esku hartzea burutzeko, Rubiok egungo Mundaka “oroimenaren leku izan behar dela” nabarmendu zuen: “Ez bedi inoiz lorerik, edo idatzirik, edo irudirik, edo beste edozein lekukotasunik falta izan hemen”. Mallonaren sendiari eta bertaratutako mundakar guztiei eskerrak eman ondoren, hasi zuten bezalaxe, txistularien doinuekin, amaitu zuen omenaldia.
Politikan ibilbide zabala. Mallona, Mundakako alkate izateaz gain, Gernikan Euskal Errepublika aldarrikatu gura izan zuten alkateetako bat izan zen. Abertzalea izatez, Jose Antonio Agirre getxoztarra 1936. urtean Euzkadiko estreinako lehendakari hautatu zuen mahai nazionaleko partaide izan zen. Faxisten altxamendua Bizkaira ailegatu zenean, baina, preso hartu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. 1937ko irailaren 5eko egunsentian, frankistek Derioko hilerriko hormara eroan zuten, eta bertan fusilatu.