HITZAren 78 ale banatzen jarraituko du Bermeoko Udalak
Aurreko urteetan egin modura, bi aldeen artean erabaki dute harpidetza horiek nora bideratu.
Bermeoko herritarren artean egunero euskaraz irakurtzeko ohitura zabaldu eta irakurzaletasuna bultzatu asmoz, Bermeoko Udalak eta Lea-Artibaialdeko Hedabideek 2008. urtean lehenengoz sinatu zuten akordioa berretsi dute, beste urte batez. Ordutik, Bermeoko Udalak hainbat leku publikotan utzi izan ditu egunero HITZA egunkariak.
Hala, beste behin ere, LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA egunkariaren 78 harpidetza banatzeko akordioa berretsi dute. Jakitera eman dutenez, Bermeoko Udalak 5.000 euro bideratzen ditu horretara.
Aurreko urteetan egin modura, bi aldeen artean erabaki dute harpidetza horiek nora bideratu, eta aurreko urteko leku berberatan uztea adostu dute. Hortaz, liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean, Berhaz bulegoan, Zaharren Egoitzan, zenbait tabernatan… aurkitu daitezke egunkariak.
Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasen esanetan akordioa “aurrerapauso garrantzitsua” da, “herriko zein Busturialdeko berriak euskaraz irakurtzeko aukera bermatzen baitute”. Uste du “berebizikoa” dela “gure informazioa gure hizkuntzan jasotzeko ohitura zabaltzea”.