Etxean bana berdinduta hasi du liga Gernikak
CD Izarraren aurka lehenengo jardunaldian bana berdindu du Gernika Clubak. Maila mantentzeko puntuak "ahalik eta arinen" lortzen saiatuko dira talde gernikarrekoak. Hurrengo norgehiagokan Valle de Egues taldearen aurka jokatuko dute.
2023-2024 denboraldia hasi da 2. RFEF mailan, eta CD Izarraren aurka lehenengo jardunaldian bana berdinduta hasi du lehia Gernika Clubak Urbietan.
Norgehiagokan sartzea kostatu zitzaien talde gernikarreko jokalariei, eta horrek eragina izan zuen partiduaren nondik norakoan. “Lehen zatiko lehen minutuak oso txarrak izan ziren, eta eurak nagusitu ziren, batez ere baloiaren bila joateko lehietan”, azaldu du German Beltran Gernika Clubeko entrenatzaile berriak. Dioenez, lehia horietan gailentzea “oinarrizkoa” da maila honetan, eta hori zuzendu beharra daukate talde gernikarrekoek. Izan ere, taldearen gabezia hori aprobetxatu zuten Izarrakoek gola egiteko: kornerra aterata iritsi zen Izarrakoen abantaila 18. minutuan.
Golak berpiztu egin zituen etxekoak, eta kontraerasoan, bizpahiru “jokaldi on” egin zituzten, Beltranen berbetan, “taldea finkatzea” eragin zutenak: “Intentsitatea jarri genion partiduari orduan”. Atsedenaldira, baina, 0-1eko markagailuagaz iritsi ziren.
Bigarren zatian, baina, “asko hobetu” zutela dio. “Hobeto atera ginen, baloiaren jabetza eskuratu genuen, eta aurrealdeko lerroetan mugitu genuen jokoa. Erasoko jokaldiak sortu genituen, eta euren bila joan ginen”, azaldu du. Azkenean, Asier Parraren berdinketarako gola 60. minutuan ailegatu zen, erasoko joko horren aldeko apustuaren eraginez. Hala ere, azken minutuetan pazientzia “apur bat falta” izan zutela dio Beltranek, “pazientzia baloia mugitzeko edota espazioak aurkitzeko”.
Koldo Berasaluze taldeko kapitainak dio taldea “asko aldatu” dela iaztik, eta hori aurredenboraldiko partiduetan ere igarri dutela. “Kostatu egin zaigu partiduak aurrera eroatea, eta lehenengo jardunaldian, taldeko jende asko berria dela nabaritu dugu. Partiduko lehenengo minutuetan ez ginen gustura egon, partiduan sartzea kostatu zitzaigun, eta atsedenaldira kontrako markagailuagaz joan ginen. Hobeto jokatzeko elkar ezagutu behar dugu, eta denbora behar dugu horretarako”, azaldu du Berasaluzek. Izan ere, iazko taldetik zortzi jokalarik besterik ez dute jarraitzen, eta erdiak baino gehiago berriak dira: “Entrenatzaile berriak eskatzen duenera moldatu behar gara guztiok. Jakin egin behar dugu ondoko jokalaria zelakoa den, eta denon artean elkar ulertu behar gara.
Berdinketa “justua” izan zela dio, baina “zeozer gehiago lor” zezaketela uste du kapitainak, “betiere hasieratik ondo lehiatuko balute”.
Aurtengo denboraldiko helburuei buruz, dioenez, maila mantentzeko puntuak “ahalik eta arinen” lortzen saiatuko dira: “Gure mailarako, klubak duen aurrekontua txikia da, eta ahalik eta arinen saiatuko gara lortuzen maila mantentzeko beharrezkoak diren 44-45 puntuak. Horiek lortuta, ikusiko dugu nora ailegatzen garen”. Berasaluzek uste du helburua betetzeko “garrantzitsua” izango dela etxeko partiduak irabaztea. “Urbietan ahalik eta puntu gutxien galtzea da asmoa, eta lehenengo jardunaldian bi puntuk ihes egin ziguten. Horri buelta eman behar diogu, eta Urbietan ahal diren partidu guztiak irabazi”.
Hurrengoa, zapatuan.
Ligak ez du etenik, eta aurrera darrai. Hala, hurrengo norgehiagokan Valle de Egues taldeari aurre egin beharko dio talde gernikarrak; zapatuan, 18:00etan, Sarrigurenen lehiatuko dute aurrez aurrekoa. Kategoria horretara igo berria den taldea da Valle de Egues, baina “zaila” izango dela irabaztea dio Berasaluzek: “Ez ditugu asko ezagutzen, baina badakit partidua zaila izango dela. Zelaiaren dimentsioak nahiko txikiak dira, eta asko kostatzen da han irabaztea”.
Partidu horretarako Aitor Ortega ez da bueltan egongo, min hartuta jarraitzen duelako; beste bizpahiru hilabetez ez da jokatzeko moduan egongo.