San Antolin jaien hitzordura hutsik egin barik
Aritz Martin arratzuarrak eta Esti Meseguer getxoztarrak irabazi dute Gautegiz Arteagako jaietan jokatu duten Bizkaiko Lokotx Txapelketa.
Abuztuaren 26tik irailaren 3ra bitartean San Antolin jaietan bete-betean murgilduta ibili dira gautegiz arteagarrak, eta balorazioa “oso positiboa” egin dute udalean. Parte hartzea “oso handia” izan dela nabarmendu dute, eta herritarrei eskerrak eman dizkie Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak: “Antolatu ditugun ekintza guztietara jende asko hurbildu da, denetan parte hartu du jende piloak”. Horren adibide ipini ditu bart izan zuten dantza bertikalaren ikuskizuna eta abuztuaren 31an ospatutako Gazte Eguna.
Harrobi Dantza Bertikala konpainiak Geure(R)a eroan zuen frontoira. Egitarauko berritasunetako bat izan da ikuskizun desberdin hori, eta bertakoen zein ingurukoen ikusmina bereganatu zuen. “Esan behar da dantza bertikaleko konpainia hori Gautegiz Arteagan hasi zela, harrobian dantza egiten. Hortik sortutako konpainia da, eta ikuskizunagaz %100 asmatu dugu. Desberdina eta oso berezia izan zen”, azaldu du alkateak.
Halaber, gastronomia lehiaketetan, paella zein tortilla txapelketetan herritar asko elkartu ziren, eguraldiak lagundu ez arren. Abuztuaren 26ko tortilla txapelketara 35 tortilla aurkeztu zituzten, eta 31ko paella txapelketara, berriz, 21 paella aurkeztu zituzten. “Eguraldia ez dugu alde eduki, baina, orokorrean, balorazioa oso-oso positiboa da; San Antolin Egunean ere ermitara joaten jende asko animatu zen, nahiz eta zapatuan eguraldi oso txarra egon. Herritar askogaz berba egin dut eta denek helarazi didate jaiak oso parte hartzaileak izan direla eta oso ondo egon direla”.
Alkatearen berbetan, aurrerantzean ere herritar denen parte hartzea bultzatzeko asmoa daukate, eta bizilagunei eskerrak eman dizkie egunotan erakutsitako inplikazioagatik eta ekintzetan parte hartzeagatik: “Jendearen inplikazio mailagaz oso pozik gaude, eta aurrerantzean ere berdin jarraitzeko asmoa dago, guztion konpromisoa eta parte hartzea sustatu gura ditugu”.
Garbiketa. Aurten jai garbien aldeko kanpainagaz bat egin du udalak lehenengoz. “Jaietan zabor asko sortzen da, baina ahal izan dugun neurrian, jaiak ahalik eta garbienak izateko ahalegina egin dugu. Adibidez, kartelak ipintzeaz gain, tortilla txapelketaren egunean olioa birziklatzeko ontziak ipini genituen. Bizi garen lekuan bizita, beharrezkoa ikusten dugu jaiak modu garbian egitea”.
Herri kirol txapelketa. Bestalde, Gautegiz Arteagako San Antolin jaien barruan gizonezkoen eta emakumezkoen Bizkaiko lokotx txapelketak lehiatu zituzten atzo eguerdian [irailak 3].
Emakumezkoetan Esti Meseguer lortu zuen txapela. Cetxoztarrak 7 minutu, 50 segundo eta 953 ehunenetan amaitu zituen lanak. Irantzu Onaindia gernikarra geratu zen txapeldunorde (8.14,209) eta Aida Ugalde zornotzarrak osatu zuen podiuma (9.15,094).
Gizonezkoetan zazpi kirolari lehiatu ziren, eta Aritz Martin arratzuarra izan zen onena, 6 minutu, 51 segundo eta 710 ehuneneko markagaz. Alde estua egon zen txapeldunaren eta txapeldunordearen artean; Saitua sailkatu zen bigarren, 6 minutu 56 segundo eta 912 ehuneneko denboragaz. Oier Ibargallartu gernika-lumotarra izan zen hirugarrena (7.07,478).
Iñigo Aurrekoetxea sailkatu zen laugarren (7.26,908), Igotz Ardeo bosgarren (7.35,666), Jon Tobarra seigarren (8.04,139) eta Beñat Obieta zazpigarren (8.19,256).