Hamar urte beranduago, Mustaficek eta Bikandik Bermeoko urak konkistatu dituzte
Inoizko parte hartzerik handiena eduki du IX. Salome Campos igeriketa zeharkaldiak. Emakumezko igerilari kopuruak gora egin du hiru kategorietan, eta antolatzaileek balorazio "bikaina" egin dute.
Beste urte batez, Bermeo igerilarien herri bihurtu da iraileko lehen asteburuan. Zapatuan [irailak 2], IX. Salome Campos itsas zeharkaldia egin zuten portuan hasi eta amaituta. Urtero legez, hiru distantzia eduki zituzten eskuragarri parte hartzaileek: 500, 1.500 eta 5.000 metrotakoak. Guztira, ia 700 igerilari elkartu ziren portuan, eta antolatzaileek guztia “prestatu bezalaxe” atera zela azaldu dute. Aurtengo helburu nagusiak, argitu dutenez, bi izan dira: batetik, emakumezkoen parte hartzea bultzatzea; bestetik, gaztetxoenak igeri egitera animatzea. Biak ala biak bete egin dituzte: parte hartzaileen %40 emakumeak izan dira; umeei zuzendutako 500 metroko proban jende pila bat elkartu da.
Antolakuntza lantaldeko Aintzi Laburuk adierazi du azken egunak “zeruari eta itsasoari begira” egin dituztela. Eguraldi petrala aginduta egon arren, itsasoa “bare-bare” topatu zuten igerilariek: “Aste osoan zehar Gurutze Gorriagaz, Itsas Salbamendu zerbitzuekin eta bestelako erakundeekin uneoro hartu-emanean aritu gara, segurtasuna bermatu asmoz. Zapaturako iragarrita zeuden euriteak gorabehera, une batean ere ez zen itsaso zakarrik iragarri, eta azkenean igerilariek baldintza apartak eduki zituzten. Hain zuzen, askok esan digute orain arteko itsasorik egokiena topatu zutela”.
Izaro uhartera joan etorria egiten duen proba nagusian, 5.000 metrokoan, zeharkaldiaren lehen ekitaldiko igerilari berberek irabazi zuten, hamar urteren ostean: Adnan Mustafic Pilav gorliztarra nagusitu zen gizonezkoen artean; emakumeen artean Lara Bikandi Telleria gailendu zen. Mustaficek iazko denbora ia zazpi minututan hobetu zuen: 53.36ko denboragaz egin zituen bost kilometroak. Bikandik, ostera, 59.57ko denboran osatu zuen itsas zeharkaldia. Gizonezkoen podiuma Adrian Agea Pazek [59.31] eta Agustin Ibarguren Biurrunek [59.47] osatu zuten; emakumezkoena, aldiz, Mireia Gomez Albaredak [01.03.52] eta Esther Rodriguez Diezek [01.03.56]. 220 igerilarik parte hartu zuten distantzia horretako proban.
Ariadna Malo Moreno eta Enaitz Goñi Salazar nagusitu dira 1.500 metroko proban
1.500 metroko probak eduki zuen parte hartzerik esanguratsuena: ia 250 igerilari. Ariadna Malo Moreno eta Enaitz Goñi Salazar izan ziren denetatik bizkorrenak. Malok 15.41ean egin zuen kilometro eta erdiko tartea; Goñik, ostera, 14.40an. Podiumak Lidia Saenz Ramiren errioxarrak [16.51] eta Ana Vega Valenciak [17.17] osatu zuten emakumezkoen artean; Unai Arruabarrena Mayorrek [15.26] eta Sergio Nieto Pardok [15.40], ostera, gizonezkoen artean. 500 metroko lehiak, aldiz, gaztetxoenek igeri egiteko zaletasuna hauspotzea zuen jomuga, eta hori ederto lortu zuten antolatzaileek: “81 gazte egon ziren irteeran, hau da, inoiz baino igerilari gehiago. Harrobia lehen mailako helburua da guretzat eta, beraz, pozgarria da ikustea geroz eta ume gehiago uretaratzen direla”.
Aintzi Laburu: “Hurrengo urtean kontu apur bat gehiago eduki beharko dugu, esaterako, marea biziekin; nolanahi ere, balorazioa ezin da hobea izan”
Lehen bermeotarrak. 5.000 metroko zeharkaldia, Lorea Erekatxo [01.11.05] eta Asier Uribarri Ortuzar [01.11.55] izan ziren herriko lehen sailkatuak. Horiez gain, Aritza Mentxaka mundakarrak ere denbora bikaina egin zuen: 01.09.42koa. 1.500 metroko probari dagokionez, Jose Manuel Ballesta Parra [19.56] eta Naia Urkidi Barbas [20.47] izan ziren lehen bermeotarrak. Kategoria horretan aritu ziren eskualdeko igerilari gehienak eta, besteren artean, Garazi Bengoetxea Jauregi kortezubitarrak 16. postuan helmugaratu zen, 18.06ko denboragaz.
Hurrengo urteari begira, mailari eta goranzko joerari eustea izango da antolatzaileen helburua, Labururen arabera: “Aurten markak apurtu ditugu eta geure burua, euria egin duen lehen ekitaldian, oso seguru ikusi dugu. Hurrengo urtean kontu apur bat gehiago eduki beharko dugu, esaterako, marea biziekin; nolanahi ere, balorazioa ezin da hobea izan”. Hurrengo urtean, irailaren 7an egingo dute Salome Campos zeharkaldia.