Ciavola eta Aranguena, Mendatan nagusi
Italiarra eta kortezubitarra gailendu dira Mendata Ezagutuz-eko maratoian. Ia 400 lagun elkartu ditu mendiaren jaiak.
Domekan [irailak 3] Mendata Ezagutuz egitasmoa egin zituzten. Mendia, kirola eta aisialdia uztartu asmoz, ia 400 lagun elkartu ziren Mendatako Eleizalde auzoan. Goizeko lehen ordutik mendi lasterketa lehiatzeko edota martxetan parte hartzeko gogotsu zeuden kirolariz bete zen irteera eremua, giro apartean. Herritarrez osaturiko antolakuntza lantaldeak lau distantziatako probaz osaturiko egitaraua atondu du aurten. Horietako hiru martxak izan dira: bederatzi, hogeita bat eta hogeita hamazazpi kilometrokoak. Horrez gain, maratoi distantziako mendi lasterketa ere egon da.
Ibilbide ertaineko eta luzeko martxalariak izan ziren ateratzen lehenak; 08:00etan ekin zioten bideari. Maratoiko parte hartzaileek 09:00etan eduki zuten irteera ordua, eta ibilbide laburreko martxa egin zutenek, ostera, 09:30ean. Antolakuntzatik aurtengo ekitaldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute, eta dena “prestatu bezala atera zela” azaldu: “Beste urte batzuetan, 500 laguneko langatik hurrago egon da parte hartzea; aurten, baina 380 ingurukoa izan da. Edozelan ere, ez da inongo arazorik edo istripurik eduki, guztia planteatu genuen legez joan da, eta oso pozarren gaude”.
Ibilbide ertainak, 21 kilometrokoak, hartu ditu parte hartzaile gehienak
21 kilometroko martxak erakarri du mendizalerik gehien, iaz legez. Distantzia aldetik eta hura betetzeko behar den ordu kopuruari dagokionez, ibilbiderik “eskuragarriena” dela azaldu dute: “Ibilbide laburra umeekin eta familia giroan egiteko diseinaturik dago; luzea, aldiz, mendian trebeak diren martxalarientzat dago prestaturik, eta maratoia goi mailako kirolarientzat da. Martxa ertaina, beraz, izan ohi da jendetsuena”.
Mendi maratoia izan zen eguneko une gailurretako bat. Lasterketa paregabea egin ondoren, Julen Aranguena Arribalzaga kortezubitarra nagusitu zen gizonezkoen artean. Emakumezkoetatik bizkorrena, iazko garaipena berretsiz, Raffaela Ciavola di Girolamo italiarra izan zen. Aranguenak 03.26.43ko denbora behar izan zuen Arrola edota Oiz tontorrak lotu zituen 42 kilometro pasatxoko ibilbide gogorra eta gorabeheratsua betetzeko. Ciavolak, ostera, 05.05.30eko denboran burutu zituen lanak.
Emakumezkoen podiuma Ainara Arrizabalagak eta Amaia San Miguel Arenazak osatu zuten, hurrenez hurren, 05.34.00ko eta 06.40.00ko denborak eginda. Gizonezkoen podiuma, berriz, Arrolape Mendi Klubeko Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarrak [03.37.01] eta Ibai Urrutia Arandia belendiztarrak [03.45.37] osatu zuten.
Mendatarrek boluntario lan egiten dute prestakuntzan; antolakuntzatik herritarren esfotzua aintzatetsi dute
Herritarren inplikazioa. Behin probak amaituta, talde bazkariaz eta “lagunarteko giroaz” gozatzeko aukera eduki zuten parte hartzaile guztiek. Mendatarrek, gainera, babesa eta laguntza eman zieten guztiei. “Antolakuntza eta prestakuntza guztiak herritarren boluntario beharrari eta borondateari esker egiten ditugu; denok ala denok ahalik eta hoberen prestatzen dugu egun horretako egitaraua, inongo irabazi asmo barik, eta, horrenbestez, mendatar guztien esfortzua nabarmendu behar dela uste dugu”, azpimarratu dute antolakuntzatik.
Hurrengo urteari begira, aurtengoa errepikatzea eta mailari eustea edukiko dute helburu: “Xumetasunetik eta herrigintzatik antolatzen dugu Mendata Ezagutuz. Hurrengo urteko edizioa, oraindik urrun dagoen arren, aurtengoaren parekoa edo hobea izatea bilatuko dugu. Herritarrak elkarlanean behar hori egiteko prest dauden bitartean, aurrera jarraituko dugu”.