Bigarren luzean ikuskizuna emanda, Kontxako lehen jardunaldian azkarrena izan da Urdaibai
Ziaboga hartzerakoan, ohorezko txandatik kanpo zegoen 'Bou Bizkaia', eta bigarren luzean lehen postua lortu du. Segundo bakarreko tartea du Hondarribiagaz, eta Donostiarra eta Oriogaz batera, ohorezko txandan ariko da Bermeoko taldea.
Jokoan dago Donostiako 128. bandera, eta iazko garaipena berresteko Kontxako Banderaren lehendabiziko jardunaldian irabaztea zuen helburu Urdaibaik. Esan eta egin. Erronka bete zuen traineru bermeotarrak, azkarrena izan baitzen lehen jardunaldian, baina hortzak estutu behar izan zituen horretarako.
Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Zierbena aritu ziren lehen txandan, eta bigarrenean zen Bou Bizkaia. Ondorioz, lehen txandako horiek jarritako denborak gutxitu behar zituzten Urdaibaiko arraunlariek, eta, erreferentziarik barik, bigarren luzean lortu zuten garaipena. Lehen txandan azkarrena izan zen Hondarribiak 09.19ko denbora jarri zuen ziabogan, eta 09.31ra heldu zen Urdaibai maniobra egitera. Denbora horregaz ohorezko txandatik kanpo zegoen traineru bermeotarra, baina bigarren luze ikaragarria eginda, denborarik azkarrena ezarri zuen Bermeoko eskifaiak: 19.20,92ko denbora ezarri zuen. Segundo bakarragatik irabazi zion Hondarribiari, eta Donostiarra eta Oriogaz batera, ohorezko txandan ariko dira laurak domekan.
Irteeratik “dena ematea” zen Urdaibaiko arraularien asmoa, eta azken luzean erreferentziarik barik aritu arren, eta horiek aldekoak edo kontrakoak ziren jakin barik, hustu egin ziren arraunlariak. “Sentsazioak onak izan arren, gehiagoren bila joan behar duzu Kontxan, eta mutilak hustu egin dira. Sekulako lana egin dute, eta ezin zaie gehiagorik eskatu”, azaldu du Gorka Aranberri patroiak. Jon Unanue arraunlariak “euren estropada” egin zutela dio, eta “sentsazioak oso onak” izan zirela berretsi: “Oso gogorra izan da estropada”.
Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzaileak trainerua “oso ondo” ikusi zuen, bai Getariari, bai Cabori aldea ateraz: “Nire arraunlariak zoriondu gura ditu, sekualko estropada egin dutelako. Mutilek egindako lanaz pozez zoratzen nago”.
Lehen txandako lehenengo metroetan, Hondarribiak eta Oriok hartu zuten protagonismoa lehen eta bigarren kaleetan. Kale horietan korronteen eragina nabaria zen, eta bultzada hori aprobetxatu gura izan zuten bi taldeek. Bitartean, hirugarren kaleko Zierbena atzean geratzen zihoan, Donostiarraren antzera. Hondarribia nagusitzen joan zen apurka-apurka, eta hiru segundoko tarteagaz aurretik jarri zen luze erdian. Lanerdietarako, uste baino tarte handiagoak ikusi ziren lau ontzien artean: Hondarribia buruan, Orio lau segundora, Donostiarra zazpira eta Zierbena 11ra.
Tarte horiek handitzeko aukera aprobetxatu gura izan zuen Ama Guadalupekoak, baina egonkor mantendu ziren desberdintasunak azken 500 metroetara arte. Zierbenak 7 segundora gutxitu zuen denbora, eta estutu egin ziren denborak Orio, Donostiarra eta Zierbenaren artean. Hondarribiak aurretik jarraitu zuen, eta lehen txandan 19.21eko denboragaz gailendu zen; Donostiarra 3.12ra sartu zen, Orio 3.88ra eta Zierbena 6ra.
Erlojupekoa.
Bigarren txandan, Hondarribiaren denbora hobetzera atera ziren Urdaibai, Ondarroa, Getaria eta Cabo, baina Urdaibairen nagusitasuna lehen metroetatik ogarri zen. Bi minututan, lau segundoko tartea atera zion Getariari, bostekoa Cabori eta seikoa Ondarroari. Erlojuaren kontrakoa hasi zuen orduan Bou Bizkaiak, lehen txandakoen erregistroak botatzea helburu hartuta. Lanerdietan, baina, Hondarribiaren denboratik urrun zegoen, eta bueltako luzean estropara lehertu zuten.
Erritmoa bizitu zuten. Estutzeko egin zuten. Eta modu progresiboan zabaldu zuten tartea txandako aurkariekin. Cabo eta Getaria denbora berean zeuden bueltako luzeko lehen metroetan, eta Ondarroa atzean geratuz joan zen, Cabo eta Getariarengandik sei segundora. Azken mila metroak bakarrik egin zituen Bou Bizkaiak, hegan, baina erreferentziarik barik, ezinezkoa zen jakitea Hondarribiari tartea txikitu ote zion. Azkenean, bai: segundo eta 25 ehunenetan hobetu zuten Ama Guadalupekoaren denbora. Cabo 27 segundora sartu zen, eta Getaria ehunen eskasera. Ondarroa 40 segundora ailegatu zen.
Bigarren jardunaldiari begira, aldeak estuak dira, eta ohorezko txandan parez pare ariko dira taldeak. Hala ere, lehenengo txandan ariko den Zierbena ere kontutan hartu beharko dutela diote Urdaibaiko arraunlariek. “Tarteak txikiak dira, eta Zierbena ere ez dago urruti. Eurak ere kontrolatu beharko dira. Hala ere, ohorezko txandan onenak egongo gara, eta hortzak estutu eta sufritzea egokituko zaigu. Ez gara egun pasa ez etorriko, erasora joko dugu”, aitortu du Unanuek. Aranberrik dio, eguraldi edo marea aldaketaren bat egonez gero, “arriskutsua” izan daitekeela Zirbena. “Ikuskizun dotorea” izatea espero dute.
Zabalak “erreferentzia falta” salatu zuen atzoko estropadaren amaieran: “Nik salatu nahi dut gaurkoa ez dudala inoiz ikusi: baskulan ez da bateriarik egon, uretan ohartarazpena jarri didate eta ezin izan nahiz mugitu, eta azken txandan ez dugu erreferentziarik izan”. Antolatzaileek arrazoitu zuten “arazo teknikoak” izan zirela, eta erreferentzia falta ez zela epaileen edo antolatzaileek hartutako erabakia izan.
128. Gizonen Kontxako Banderaren 1.jardunaldia
- 1. Urdaibai 19.20,92
- 2. Hondarribia 19.22,17 (+1,25)
- 3. Donostiarra 19.25,11 (+ 4,19)
- 4. Orio 19.25,89 (+4,97)
- 5. Zierbena 19.28,67 (+7,75)
- 6. Cabo 19.48,60 (+27,68)
- 7. Getaria 19.49,12 (+28,20)
- 8. Ondarroa 20.01,04 (+40,12)
Tolosaldeak, ezustekoa.
Kontxako 16. banderaren lehen jardunaldia lehiatu zuten emakumezkoek, eta bigarren txandan lehiatu zuen Tolosaldeak eman zuen ezustekoa atzo. Lehia handia espero zen, eta hala izan zen, Kontxako badiako azken metroetan erabaki baitzen garailea.
Oriok markatu zuen denborarik onena lehen txandan, eta hori hobetu gura zuten bigarren txandakoek. Hala, Donostiarra, Tolosaldea eta Arraun Lagunak parez pare aritu ziren lehen luzean, Hondarribia atzeratzen zihoan bitartean. Ziabogarainoko luzean, Donostiarrak eutsi egin zion lehen postuari, hiru segundoko tartea zabalduz Tolosaldea eta Arraun Lagunak-en traineruei, eta Oriok egindako denbora segundo bakarrean hobetuz.
Bigarren luzean, Tolosaldeak bizitu egin du denbora, eta 700 metroren faltan, aurretik jarri da. Berdintasuna nagusi zen orduan, Tolosaldearen atzetik segundo bakarrera baitzeuden Donostiarra eta Arraun Lagunak. Dena zegoen erabakitzeko, eta parez pare helmugaratu dira hiru ontziak. Hala ere, Tolosaldea aurreratu da, Arraun Lagunak baino 18 ehunenen lehenago helmugaratuz. Donostiarra bi segundora sartu da, eta Hondarribia 21era. Denbora horregaz, Ama Guadalupekoa ez da ohorezko txandan egongo, eta Tolosaldeak, Arraun Lagunak-ek, Donostiarrak eta Oriok lehiatuko dute azken txanda hori.
16. Emakumeen Kontxako Banderaren 1.jardunaldia
- 1. Tolosaldea 10.37,64
- 2. Arraun Lagunak 10.37,82 (+0,18)
- 3. Donostiarra 10.39,80 (+2,16)
- 4. Orio 10.42,30 (+4,66)
- 5. Hibaika 10.57,22 (+19,58)
- 6. Hondarribia 10.59,32 (+21,68)
- 7. Zumaia 11.04,86 (+27,22)
- 8. Kaiku 11.15,56 (+37,92)