Zortzi kazola aurkeztu zituzten Almikako jaietan ohikoa den untxi sukalki txapelketara.
Urtero legez, bermeotarrak Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako motorrak berotzen hasi dira Almika auzoko jaiekin. Jai egun handia izan zen atzo [irailak 3], Bermeoko auzoan.
Goizeko lehenengo orduan eguraldiak ez zuen askorik laguntzen, hala eta guztiz ere, eguraldi txarrari aurpegi ona eta gogoa jarrita zenbait kuadrilla bertaratu ziren Almikara, karpak jarri eta untxi sukalkiak prestatzera. Izan ere, ez dago Almikako jairik untxi sukalki txapelketa barik. Zortzi kazola aurkeztu zituzten atzoko txapelketara, eta epaimahaiaren iritziz, Pintun kuadrilliek prestatutako sukalkia izan zen gozoena, eta beraz, eurentzako izan zen lehenengo saria. Bigarren saria, Infernuko errotarentzat izan zen, eta hirugarrena, berriz, Beti betikuek izeneko kazolarentzat. Hala ere, aurkeztutako kazola guztiek jaso zituzten sariak.
Asier Alegria lehian
Almika auzoko probalekuan belar bola bategaz sei untz egiteko ausardia izan zutenak ere egon ziren atzo eguerdian. Hiru pertsona animatu ziren; Asier Alegriak egin zuen denborarik onena eta berak jantzi zuen txapela, Arkaitz Ormaetxea sailkatu zen bigarren, eta Iker Legarreta hirugarren.
Sukalkiak bazkaldu ostean, musikagaz girotu zuten arratsaldea, eta irrintzi txapelketa ere lehiatu zuten.
Bihar eta etzi. Egunotan ere badago zereginik Bermeon. Bihar [irailak 5], esaterako, Asier Romero Andonegi bermeotarrak Itsosupeteko ondarea: pildoras historico-etnogroficas sobre Bermeo liburua aurkeztuko du Arrantzaleen Museoan, 18:00etan. Liburua salgai dago Berhazen (30 euro).
Etzi [irailak 6], berriz, Gurutze Gorriak antolatuta Itsasoko Eguna hartuko du Martillo kaiak, kukaina eta guzti. Proba desberdinetan parte hartu gura dutenek 10:00etatik 11:00etara izena eman beharko dute.
Aurten, berritasun modura, gautxoria egongo da zenbait gautan. Hala, Bermibus zerbitzua eskainiko da irailaren 7, 8, 9, 15 eta 16an, ordu erdiro, 00:00etatik 05:00etara, Artzako biribilgunetik aterata.
Aldaketak. Eguenean [irailak 7] hasiko dituzte ofizialki Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Jaiak direla eta, gaurtik [irailak 4] irailaren 21era bitartean, porturako sarrera itxita dago, Artza biribilgunetik. Irailaren 8, 9, 15 eta 16an, berriz, Prantzisko deuna atetik Zubiaur Tar Kepa kalera bitarteko gunea ere itxita egongo dela jakitera eman dute.
Jaiak bitartean, Bermibus zerbitzua irailaren 7, 11, 12, 13, 14 eta 15ean egongo dela aipatu dute, Lamerako geralekuan eta betiko ordutegian. Aurten, berritasun modura, gautxoria egongo da zenbait gautan. Hala, Bermibus zerbitzua eskainiko da irailaren 7, 8, 9, 15 eta 16an, ordu erdiro, 00:00etatik 05:00etara, Artzako biribilgunetik aterata. Bermibusak ibilbide zehatz bat izango du, baina geltoki malguak eskaintzeko aukera egongo dela jakitera eman dute, “herritarren bat bakarrik joanez gero, etxera hurbiltzeko eskaera egin ahalko dio gidariari”.
Bizkaibusaren geralekuak ere aldatu dituzte dagoeneko. Bakioranzkoa Zubiar Tar Kepan hartu daiteke, eta Gernika-Lumora edo Mungiara joateko autobusak Santamañe kalean daukate geralekua Lameran barik. Taxi zerbitzua, berriz, Askatasun bidean dago, Erriberan.