Irailaren 6an eta 12an isildu egingo dituzte Bermeoko barrakak
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak berotzen hasteko, Almikako jaiak ospatuko dituzte domekan [irailak 3] bermeotarrek, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Abuztuan aurkeztu zituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, baina zenbait berritasun aurkeztu dituzte gaur [irailak 1]. “Inoiz baino jai inklusiboagak” izatea gura dutela adierazi du Kultura eta Gizarte Ongizateko zinegotzi Endika Etxebarriak. Hala, pertsona guztiek Bermeoko jai giroaz gozatzeko aukera izan dezaten, irailaren 6an (eguaztena) eta 12an (martitzena), Bermeoko barrakak, lehenengo aldiz, isilak izango direla iragarri dute, hau da, ez dute musikarik jarriko autismoa edota dibertsitate funtzionala duten pertsonen onurarako: “Mota horietako egoera dituzten pertsonek ere barrakez gozatzeko eskubidea dute, gainerakoek egiten dugun bezala, eta horregatik, Bermeoko Udaletik beste urrats bat eman dugu, eta lehenengo aldiz bi jardunaldi antolatu ditugu zaratarik gabe. Aurtengo Andramari eta Santa Eufemia jaiak herritar guztientzat pentsatuta daude, baita zaratak bereziki eragiten dien eta guneko bolumen handia dela eta atrakzioez goza ezin dezaketen pertsonentzat ere”.
Bestetik, irailaren 6an, 11n eta 13an, prezio herrikoiak eskainiko dituzte barrakek.
Gaurko prentsaurrekoan egon dira Bermeoko Herri Babeseko zenbait boluntario ere, eurak izango baitira jaien hasierako protagonistak, Xixiligaz eta Nadia Nemeh alkateagaz batera. Lehenengo aldiz, herritarrek aukeratu dute pregoilaria, eta 250 boto izan zituen Herri Babesak. Taldekideek bermeotarrek emandako aukera eskertu gura izan dute boluntario guztien izenean. “Oso pozik gaude herritarrek pregoia guk ematea gura izan dutelako. Horrek esan gura du egiten dugun lana errespetatzen eta eskertzen dutela”, adierazi dute.
Gaurtik [irailak 1] aurrera Bermeoko jaietako egitaraua salgai dago Gizarte eta Kultura etxean eta Turismo bulegoan, 50 zentimotan.
Motorrak berotzen hasteko, baina, domekan [irailak 3] Almikako jaiak ospatuko dituzte bermeotarrek, eta egun osoko egitaraua antolatu dute.
- 10:30. Hasierako dunbada, ikurrina jaso eta bolanderak jaurti, txistu eta danbolin doinuekin.
- 10:30-11:00. Untxi sukalkirako izen-ematea.
- 11:00etatik aurrera, Kontxako estropadak zuzenean txosnako telebistan.
- 13:00. Meza nagusia Almikako elizan.
- Ondoren, baserriko lanen erakustaldia: Almikako I. esne behiak eraste txapelketa. Ondoren, sari banaketa.
- 13:30. Untxi sukalkirako kazolaen aurkezpena.
- 17:30. Untxi sukalki txapelketako sari banaketa.
- 18:00. Almikako II. irrintzi txapelketa.
- Ondoren. Sari banaketa.
- 19:00. Erromeria Elustondo neba-arrebekin.
Bestetik, irailaren 15erako (barikua) Bermeoko Txosna Batzordeak antolatu duen herri bazkarian egon gura duten horiek, domekan [irailak 3] erosi beharko dituzte txartelak, 18:00etatik aurrera Kabidxe Gune Sozialean. 13 eurotan eskuratu daitezke txartelak, eta pertsonako lau txartel hartu ahalko dira. Jakitera eman dutenez, zeliako eta begetarianoentzako aukerak ere egongo dira.