670 igerilarik baino gehiagok parte hartuko dute Bermeoko Salome Campos zeharkaldian
Orain arte 41 bermeotarrek eman dute izena. Parte hartzaileen %40 emakumeak izango dira. "Ekimenak Salome Campos omendu nahi du duela mende bat baino gehiago Izaro uharteraino igerian igaro zen emakume bermeotarra, hain zuzen ere".
Gaur [abuztuak 30] aurkeztu dute zapatuan [irailak 2] egingo den itsas igeriketa lasterketa. Bermeoko portuan egindako agerraldian herriko alkatea Nadia Nemeh Shomaly, kirol zinegotzia Xabier Ortuzar Butron eta Campos kontserba enpresako marketin zuzendaria Aintzi Laburu Landeta izan dira.
Salome Campos igeriketa zeharkaldiak 9 urte betetzen ditu aurten, eta 670 igerilari baino gehiago elkartuko ditu. Udalak ez ezik, Gurutze Gorriak ere laguntzen du kirol ekitaldia aurrera eramaten, hauek baitira kirolarien segurtasunaren arduradun nagusiak.
Hiru kategoria desberdin antolatu dituzte, egin beharreko distantziaren arabera banatuta. Bermeoko portuaren eta Izaro uhartearen arteko joan-etorriko 5.000 metroetan dagoeneko izen ematea itxita dago eta 284 igerilarik parte hartuko dute. Beste bi distantzietan, 1.500 eta 500 metroetan, eguenean [abuztuak 31] amaituko da izena emateko epea. Orain arte 294 eta 92 igerilarik eman dute izena hurrenez hurren, hau da, 14 toki bakarrik geratzen dira.
Antolatzaileek nabarmendu dute lehen aldiz 1.500 metroko zeharkaldian 5.000 metrokoetan baino parte hartzaile gehiago egongo direla. Era berean, haurren lasterketa laburrean inoiz baino igerilari gehiago egongo dira.
Shomaly alkateak emakumeen parte hartzea nabarmendu du, %40 izango da aurten. “Ohore handia da bermeorentzat ekimen arrakastatsu hau hartzea, zeinetan, urtez urte emakume gehiagok parte hartzen duen. Duda barik, emakume gisa eta bermeotar gisa, harro egoteko modukoa da, izan ere, ekimenak Salome Campos omendu nahi du duela mende bat baino gehiago Izaro uharteraino igerian igaro zen emakume bermeotar bat, hain zuzen ere” adierazi du. “Zeharkaldi honetan emakume askok parte hartu dutela azpimarratu behar da, eta hori albiste bikaina da”, gehitu du Ortuzarrek.
Berezia. Bermeoko jaien bezperan ospatzen den zeharkaldiak, ur irekietan egiten diren horrelako ekimenetan ohikoa den baino ibilbide luzeagoa du. Horregatik, ekimen “erakargarria” dela gehitu du Ortuzarrek: “Izan ere, aurten, iaz baino 87 izen-emate gehiago izan dira, lehiaketa urtez urte sendotzen ari delaren seinale”.
Adinaren arabera, parte-hartzaileen %36,6k 45-54 urte dituzte, %14,3k 35-44, %14,3k 13-17, %9,6k 25-34 eta 55-64, %6,8k 18-24 eta %6,2k 12 urte baino gutxiago. Jatorriari dagokionez, igerilarien %50,6 Bizkaitik datoz, %14 Gipuzkoatik, %9,4 Zaragozatik, %7,1 Nafarroatik, %5,5 Errioxatik eta Arabatik, besteak beste. Horrez gain, nabarmendu dute aurten 41 bermeotarrek hartuko dutela parte.
Irabazleek, gizonak eta emakumeak, Campos markako hegaluze eta atun kontserbetan duten gorputz-pisuaren baliokidea irabaziko dute sari gisa. 5.000 metroko kategorian parte hartzen dutenek, halaber, txapela ere irabaziko dute. Bigarren eta hirugarren geratzen diren igerilariek, aldiz, atun sorta desberdinak jasoko dituzte.
Deialdia. Antolakuntzaren aldetik trabesian lagundu nahi luketen itsasontzirik balego info@salomecampos.com emailera edota 680 43 48 28 telefono zenbakira deitzeko eskaria luzatu dute Camposetik. Amaitzeko, herrira hurbiltzeko deialdia zabaldu dute: “Udaletik, bermeotar eta bisitari guztiak gonbidatzen ditugu zapatuan Bermeora etortzera eta kostaldeko udalerria urez beteko duen kirol eta jai giroaz gozatzera“.