Bermeoko txosna batzordeak eskaintza "zabala eta anitza" antolatu du andramerietarako
Irailaren 7tik 16ra 25 ekintza baino gehiago egingo dituzte, aurten gainera logotipo berria estreinatzen dute baita berrikuntzak azpiegituretan ere.
Bermeoko jai nagusiek hamar egin badituzte ere, txosna batzordearentzako antolaketa eta kudeaketa lana urte guztira zabaltzen da. Herriko zazpi taldek osatzen dute batzordea: Amnistiaren aldeko taldea, Ernai Gazte Erakundea, Mugimendu Sozialista, Bermioko Mugimendu Feminista, Nda Wi Bermioko senegaldarren elkartea, Aker Beltz herriko taberna berrirako ekimenak eta San Frantzisko Herri Ikastetxearen guraso elkarteak. Horrez gain, asko dira bolondresak.
Hain zuzen ere, antolaketa aurreko urteko amaieragaz batera hasten da. Aurreko sei urteetan bezala, txosnaguneko edari eta janari salmentaren zati bat hurrengo urteko jaietarako bideratzen dute, “eskaintza hobeago bat antolatzeko helburuagaz”. Gainera, sagardotegirako autobusa, Korrikako kilometroa edota aratusteetarako ere bideratzen dute dirua. Irabazien beste zati bat herriko eragileen ohiko jarduerak finantzatzeko erabiltzen dute.
Aurten berritasunekin dator txosnagunea. Txosna batzordeak logotipo berria estreinatzen ari da, dagoeneko ikusgai dago herriko txoko guztietan jarritako karteletan. Prozesu parte hartzaile bat eraman zuten aurrera eta bertan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Hori gutxi ez, eta azpiegiturari dagokionez ere handitu nahi izan dute orain artekoa. Iazko 400 metro karratuko karpa erraldoia mantentzen dute, edarien txosna 12 metro luzekoa da eta janarierana 6 metrotakoa, eszenatokia ere handitu dute 64 metro karratuetaraino eta birziklatzeko gune bat jarri dute.
“Indar, baliabide eta bolondresko militantzia guztia” jarri dute bermeotarrei eta bertaratut¡ko diren guztiei eskaintza zabala eta anitza eskaintzeko. Irailaren 7tik 16ra 25 ekimen baino gehiago egingo dituzte “ahalik eta egitaraurik zabalena” egin dute. Ohi bezala, horietako batzuk kuadrillen arteko lehiarako puntuagarriak izango dira eta sari “potoloak” banatuko dituztela aurreratu dute. Irailaren 7an, Almikeko bajadaren ostean emango diote hasiera txosnaguneko egiatarauari, txupinazo propioa jaurtiko dute eta “motorrak berotzen” hasiko dira.
Irailaren 15ean ospatuko dute mozorro eguna, herri bazkariagaz, hain zuzen ere. Aurtengo gaia bideojokoak izango da eta txosnagunea ere gai horregaz lotutako panelekin apaintzen ari dira: “beti bezala mezu berezi bat zabaldu nahi diegu txosnetara hurbiltzen diren guztiei”.
Kontzertuek ere garrantzi handia izango dute andramarietan “jaiak girotzeko helburuagaz”. Aurten Lamerako, txosnaguneko, Goiko Plazako eta Kafe Antzokiko kontzertuak kartel bakar batean batu dituzte. “Estilo desberdinetako” taldeak ekarri dituzte eta, zelan ez, etxekoek ere tokia izango dute, Etxekaltek, Puro Drew edota Addarrek, esate baterako. Horrez gain, txosna batzordeko sare sozialei (Twitter, Facebook eta Instagram) adi egoteko deia luzatu dute, bertatik informazio asko zabalduko baitute eta baita deialdiak zabaldu ere.
TXOSNETAKO KONTZERTUEN EGITARAUA
Bermioko Mugimendu Feministatik erasoen aurkako protokoloa landu dute beste behin, “erasoren bat izatekotan berehala martxan jartzeko”. Adierazi dute txosnagunea “gune segurua” izatea dela helburua eta argi utzi nahi izan dute ez dutela “inolako erasorik onartuko”.
Autobusak. Bermeoko Udalak jakinarazi du autobusetako geralekuetan aldaketak egongo direla abuztuaren 31tik irailaren 23ra Andra Mari jaiengatik. Bizkaibuseko A3528 autobusean izango dira aldaketa nagusiak:
- Lamerako geralekua kendu egingo da, (bi norabideetan).
- Behin behineko geralekua (UPV/EHU norabidean): Santamañe kalean.