Unai Lekerika Lekeitioko Master Serieseko txapeldunorde izendatu da Iñaki Osa Goikoetxeagaz
Zapatuan [abuztuak 26] jokatu zuten Lekeito Master Serieseko finala Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Giroa ezin beroago egon zen, jendea pilota gosez zegoen.
Giroa ezin beroago, bigarren jokoan ere aurretik hasi ziren urdinak, 7-1. Atsedenaldiaren ostean, Goikoetxeak eta Lekerikak hainbat tanto egin, eta 11-11 parekatzea lortu zuten. “Lekerikaren partidako momentu onenak izan ziren. Berdinketa haustea gertatuko zela zirudien”, baina ez zen hala izan. Erkiagak eta Del Riok berriro ere indarra hartu, eta 12-15 garaile izatea lortu zuten.
Erkiagak aipatu du pilota bizia aukeratu zutela beraiek, eta motelagoa aldiz, Goikoetxeak eta Lekerikak: “Pilota motelagaz beste era batera jokatzen da, eta agian, ematen den ikuskizuna txikiagoa da. Lekeitioko frontoia ohikoa baino txikiagoa da, eta pilota biziak estropezua eragiten du. Del Riok hori ondo aprobetxatu zuen, eta besteak ez ziren oso eroso ibili”. Lekerika gernikarrak aipatu du partida “oso polita eta aldi berean, gogorra” izan zela. Bi jokoak hasi zituzten “ahul”, baina partidak aurrera egin ahala lortu zuten beren maila hartzea, eta tanto luzeak eta politak egitea. “Jokoaren amaietan beraiek ibili ziren gu baino apur bat hobeto, eta uste dut gakoa hori izan zela. Partida polita izan zen eta uste dut publikoak ere asko gozatu zuela”. Horrez gain, fisikoki “ondo” sentitu zela aipatu du gernikarrak, eta Goikoetxeagaz “oso bikote ona” egin duela: “Kantxa barruan nabaritzen da oso harreman ona dugula”.
Erkiaga eta Del Riok egindako partidari buruz, Lekerikak azpimarratu du uda honetan ikusitakoaren isla izan zela Lekeitioko finala: “Kantxa barruan komunikazio ona dute. Erkiagak aholku batzuk ere eman izan dizkio Del Riori, eta hori nabaritzen da. Biak oso ziur ikusi nituen, konfiantzaz eta ideiak argi. Oso lan ona egin zuten”. Jendearen erantzunagaz ere gustura gelditu da Lekerika, eta publikoarekin konektatzea lortu zuela aipatu du: “Tanto politak egon zirenez jendeak asko gozatu zuen”.
Iñaki Osa Goikoetxearen Lekeitioko azken partida izan zen, eta partidaren ostean esker hitz batzuk esan zituen. Horrez gain, lekeitiarrek egurrezko ontzi bat oparitu zioten, esker onez eta oroigarri modura. Giroa “oso bero” egon zen bigarren partida guztian zehar, eta baita lehenengo partidan ere. Julen Basterra eta Iñigo Unda aritu ziren Celaya eta Atain markinarraren aurka. Basterrak eta Undak irabazi zuten, bi jokoak 13-15 irabaziz.