Bermeo Urdaibaik bideratuta utzi du Eusko Label Liga
Domekan [abuztuak 27] Getariako bandera irabazi zuten bermeotarrek eta 9 puntuko tartea dute bi jardunaldiren faltan. Orain Kontxako Bandera dator egueneko [abuztuak 31] sailkapen estropadagaz.
Asteburu berezia zen, iazkoa zuten buruan askok eta askok. Bi estropada eremu berezi dira Ondarroakoa eta Getariako, ezusteko handiak ematen dituztenak, iaz batez ere. Horregatik tentuz ibili beharreko asteburua zen, Bermeo Urdaibai liderrarentzat batik bat. Iaz Ondarroan Antiguako Amak sorpresa eman eta bandera irabazi zuen eta Getarian Hondarribiak ziaboga txarto emateagatik eskura utzi zion Eusko Label Liga Bermeo Urdaibairi.
Bizkaiko kostaldean zapatuan [abuztuak 26] itsasoa, eta haizea, izan ziren protagonista. Iaz bigarren txandatik etxeko trainerua izan zen nagusitu zena, oraingoan, berriz, Oriok lortu zuen garaipena bigarren txandatik. Ohorezko txandan Hondarribiak bazirudien bideratuta zeukala ikurrina, baina haizeak gora egin zuen azken bi luzeetan eta azkenean hirugarren bakarrik izan zen. Bermeo Urdaibaik gogotik sufritu zuen, baina azkenean puntu gehiegi ez galtzea lortu zuen zazpigarren postuagaz. Hori bai, Ama Guadalupearekiko aldea bost puntura jaitsi zen. Zierbenak kale egin zuen 9. amaituz.
Domekan [abuztuak 27] Getariako mamu beltzak urrundu nahi zituzten badaezpada bada ere bermeotarrek. Iaz, hein handi batean, Hondarribiaren akatsarengatik lortu zuten koroa. Hil edo bizi irten zen Iker Zabalaren kuadrilla, Zierbenagaz lehia estua izan zuten estropada osoan zehar itsaso oso zakarrean, haizea askogaz eta olatu handiekin. Egoera egozkor horretan atzetik aurrerakoa egitea lortu zuten bermeotarrek eta azken luze zoragarri baten ostean denboraldiko 10. bandera poltsikoratu. Hondarribia 5. izan zen, hau da, Bermeo Urdaibaik aurreko egunean galdatuko abantaila berreskuratu zuen.
Dena emateko prest. Hau guztia bakarrik bi jardunaldiren faltan Eusko Label Liga amaitzeko: irailaren 16an Bermeon bertan eta 17an Portugaleten. Orain arraun taldeek denboraldiko beste helburu handia dute aurretik, hurrengo bi asteetan lehiatuko baita Kontxako Bandera. Eguaztenean [abuztuak 30] emakumezkoen sailkapen estropada lehiatuko da 19 trainerugaz eta eguenean [abuztuak 31] gizonezkoena, biak ala biak 18:00etan hasiko dira. Mutiletan 24 taldek eman dute izena: Getaria, Hondarribia, Orio, San Pedro, San Juan, Zumaia, Mutriku, Zarautz, Hibaika, Arkote, Bermeo, Cabo, Ares, Bueu, Deusto, Busturialdea, Kaiku, Lapurdi, Lekittarra, Ondarroa, Samertolameu, Santurtzi, Tiran eta Zierbena.