Busturialdea, playoffa lehiatzeko “ilusioz gainezka”
Zapatuan [abuztuak 26] Colindresen eta domekan [abuztuak 27] Erandion lehiatuko dute beste urte batez KAE1en aritzeko kanporaketa.
Busturialdea Arraun Elkarteak ez ditu garaiz etxeko lanak egin KAE1 Ligan eta orain azken bi azterketa izango ditu arraun ligen bigarren mailan aritzeko. Patxi Egurrola “ilusioz gainezka” agertu da, nahiz eta badakien ez dituztela egin beharrekoak egin. “Iaz baino apur bat hobeto aritu gara aurten, baina ez dugu hobeto espero genuen beste. Playoffetako postuetan egon gara denboraldi guztian zehar eta bertan ariko gara asteburuan ere. Pauso bat falta izan zaigu zulotik ateratzeko, batzuetan zorte txarra izan da, baina beste batzuetan guk ez dugu asmatu”.
Azkenean 11. izan da Busturialdea sailkapen orokorrean 38 puntugaz, Castro bakarrik utzi dute azpitik. “Egia da Deustogaz borrokan egon garela, baina ez zen nahikoa, Hondarribiak ezarri du muga playoffak saihesteko eta gu baino gehiago izan da”. 8 eta 22 puntura geratu dira, hurrenez hurren.
“Azkenengo urteetan playoff gehien jokatu dituen taldeetako bat izango gara”, dio umore onez Egurrolak. “Egia da bi estropadak, zapatuan [abuztuak 26] Colindresen eta domekan [abuztuak 27] Erandion errekan izango direla eta guri ez digu onik egiten. Azkenean hobeto moldatzen gara itsasoan”. Arraun taldeak eskakizuna egin zuen otsailean eta guzti KAEn bigarren egunean Elantxoben lehiatzeko, baina ezezko erantzuna jaso zuten.
“Deustok fitxaketak egin ditu azken egunetan eta Kaikutik eta Oriotik arraunlari indartsuak ekarri ditu playoffetara begira”
Egurrola “harrituta” agertu da bi estropadak errekan izateagaz, ohikoena egun bat errekan eta beste bat itsasoan izatea da. “Badirudi Arraun Taldeen Elkarteari ez dutela onartzen gurea bezalako talde txiki bat bigarren mailan egotea, beste talde handiago batzuk hirugarren mailan daudenean”. Aldeko lau boto izan zituzten bakarrik.
Aurkariak Deusto, Portugalete eta Donostiarra B izango dira, hiru aurkari “indartsu” direla dio. “Deustok fitxaketak egin ditu azken egunetan eta Kaikutik eta Oriotik arraunlari indartsuak ekarri ditu playoffetara begira, beraz, are eta aurkari indartsuago bat izango da”. KAE 2ko bi traineruek “maila ona” erakutsi dutela esan du eta horregatik lehiatuko dute mailaz igotzeko kanporaketa. Busturialdeak esperientzia alde izan dezakeela uste du Egurrolak eta bi estropadak errekan izatearen “kalteak” bide horretatik konpondu ahal dutela. Hain zuzen ere, ahalik eta hobekien egokitzeko Erandion aritu dira entrenatzen aste honetan eta entrenamenduak “maila altukoak” izan direla esan du.